Greba mugagabea hasi dute Gamesako langile gehienek

Guaixe 2008ko urriaren 28a

Enpresa batzordeko (ELA 6 eta LAB 2) ordezkariek azaldu dutenez langileen estatutuaren 52. artikuluaren d puntuan oinarrituta eten du enpresak langilearen kontratua. Artikulu horretan jasotzen denez kontratua amaitzeko arrazoi objektiboak dira: "tarteka lanera ez joategatik, nahiz eta zurituta egon, elkarren jarraiko bi hilabetetan lan-egunetako 100eko 20ra iristen badira hutsegiteak, edo, hamabi hilabeteko aldian, solteko lau hilabetetan 100eko 25era iristen badira, denbora aldi horietan lantokiko plantila osoaren absentismoa 100eko 5etik gorakoa denean". Hainbat salbuespen jasotzen dira puntu horretan ere. Langileen ordezkariek aditzera eman digutenez "gerora jakin dugunez, kanporatutako langilearen egoera berean daude beste batzuk. Baina ez dituzte bidali". Kontratua eten dioten langilea apirilean finko egin zutela ere gogora ekarri dute enpresa batzordeko kideek. Enpresa batzordeak kanporatzearen atzean zuzendaritzaren "gaixotasun arrunten bajen kontrola aldatu nahia" ikusi du. Enpresa hitzarmenean jasotakoaren arabera Gamesan gaixotasun arrunten bajak gizarte segurantzaren bidez kudeatzen dira eta sindikalisten ustez mutuen ordez kudeatu nahiko lituzke. ZuzendaritzaEnpresako zuzendaritzako ordezkariekin harremanetan jarri gara eta argi eta garbi utzi nahi izan dute: "Gamesan laneko bajak ez dira kanporatzeko arrazoia. Kasu zehatz batez ari gara eta arrazoi objektiboak daude". Aldi berean, bozeramaile berak argitu zuen: "ez dago arrazoi objektiborik esateko kanporatzeak eman behar direnik". Horrekin batera, azpimarratu zuen kontratua eten zaion langilearena "muturreko kasu bat" dela. Enpresako ordezkariak bestelako adibide bat jarri zuen, "gaixotasun bategatik tratamenduan dagoen langile bati kontratu finkoa egin diogu".Gamesako zuzendaritzako ordezkariak azaldu digunez "sindikatuekin elkarlanean lantegiko lan absentismoa txikitzen saiatzen ari gara, indizeak hobetzeko helburuz". Enpresako zuzendaritzak esan zigun ez zekiela sindikatuek kontratu etetea inpugnatu ote duten. LantegiaAltsasuko Gamesa lantegian haize errotendako palak egiten dituzte. Zehazki Gamesa G5x eredua, 850 kilowattekoa. Lantegian 190 bat langile daude, eta haietatik 150 produkzioan aritzen dira.