Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak, lehenik eta behin, "Euskal Herriko sindikatu gehienekin batera, lan harreman esparru propioa" eskatu da. Udalaren ustez esparru propioaren bidez "gure lana egin ahal izateko neurri eraginkorrak eta globalak hartu ahal izateko" aukera izanen da. Horrekin batera, Altsasuko Udala udalerriko enpresa guztiei eskatu die, "langile guztiekin batera, lan arriskuak murrizteko neurri zehatzak hartzera, horretarako arriskuak eragiten dituzten arrazoiei helduz". Udalak, aldi berean, erabaki du neurri horiek hartzea eskatuko diela "berarekin kontratuzko edo ohiko harremana duten edota eduki dezaketen enpresa guztiei". Gainera, udalerriko enpresetan "enpresetan ematen den laneko ezbehar-tasaren jarraipena" egitea erabaki du udala. Horrekin batera, lan istripuan inor hilez gero Altsasuko Udalak erabaki du "interesatu gisa" aurkeztea "gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko irekitzen diren jarduketetan". Azkenik, Altsasuko Udalak hilaren zazpian lan istripuan hil zen langilearen senide eta adiskide guztiei elkartasuna adierazi zien. BilkuraUdalak zabaldutako bandoa EAE-ANVren mozio bat onartzearen ondorioz etorri zen. Alderdi guztiek egin zuten mozioaren alde, abstenitu zen UPN salbu. Hala ere, zenbait alderdik aldeko boza ematerakoan zenbait zehaztapen egin zituzten. Alderdi Sozialistak "mozioaren izpiritua bere egin" zuen eta gogora ekarri zuen Espainian ekainera arte lan istripuan mila hildako baino gehiago izan zirela. Ezker Batua ere mozioaren "izpirituarekin" ados zegoela azaldu zuen eta Euskal Herriko gehiengo sindikala aipatu beharrean aipamena Estatura zabaldu beharko zela uste zuen. Aldi berean, lan istripuengatik elbarritasun larriarekin gelditzen direla ekarri zuten gogora. Nafarroa Baik, azkenik, esan zuen "testu orekatuagoa izan zitekeen, baina erabaki beharreko puntuekin ados" zeudela.