Gasolio isuriekin kezka azaldu du udalak

Guaixe 2008ko urriaren 30a

Altsasuko Udaleko ordezkariak asteartean batzartu ziren Pedro Zuazo Onagoitiarekin, Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitateko zuzendariarekin. N-1 errepide zaharraren ondoan dagoen Kuwait Petrolium (lehengo Coatra) gasolindegian maiz gertatzen diren hidrokarburu isuriekin kezka azaldu zion udalak gobernuko ordezkariari. Ingurumen Departamentuko ordezkariak jakinaren gainean dagoela esan zuen, aspalditik inspekzioak egiten dituztela eta isunaren bat ere jarri zaiela gaineratu zuen. Altsasuko Udaletik aditzera eman digutenez, ordea, asteazkenean agerikoa zen gasolindegi ondoko erreka zikina zegoela eta hidrokarburu usain handia zegoela. Altsasuko Udaleko Ingurumen, Mendi eta Abeltzaintza zinegotziak kezka azaldu du "euri garaian sartzen ari gara eta euriarekin errazago gertatzen dira isurketak. Izan ere, agerian dago ez dutela behar bezalako neurririk hartzen, konponketa txikiren bat egin dute, sartu dute biltegi berriren bat, baina ez da nahikoa". Kuwait Petrolium gasolindegiak, berriz, instalazio berriak egiteko asmoa azaldu du. Heldu den urteko udaberri bukaerarako berritu nahi dute gasolindegia. Udalaren kezka, ordea, zera da: instalazioak berritu bitartean isuri gehiago gertatu ez daitezen neurriak har ditzaten. "Udaletik exijituko diogu behar bezalako neurriak har ditzaten, isuri gehiago gerta ez dadin". N-1 errepide zaharraren aldamenean dagoen Kuwait Petrolim gasolindegian behin baino gehiagotan gertatu dira hidrokarburuen isuriak, esaterako, 2007ko irailean, 12.000 litro gasolio isuri ziren Errekalde errekara; eta 2002ko apirilaren 4an, 8.200 gasolio litro. Isuriketa horien ondorioz, Errekalde erreka erreta dago, hilik, hidrokarburuen kutsadurarengatik.