Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Osasun Departamentuko kontrola Baina beharrezko eskakizunak betetzeko lan handia egin dute azken asteetan, eta asteazkenean Osasun Departamentuak eskatutako azken kontrola pasa zuen kirol gune berriak. Osasun Departamentuko teknikariez gain, bisitan izan ziren Altsasuko alkate Unai Hualde, Zelandi Kirol Guneko obra zuzendari Javier Chocarro, kirol gunearen gerentzia daraman Nitram Pool enpresako arduradunak eta mantenu arduradunak, Altsasuko Udaleko aparejadorea eta kirol zerbitzuko arduradunak. Zelandi Kirol Guneak osasun alorrean legeak eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu zuten - botikategia, sorosleak, ubide eta ur punpen egoera, legionelosia ekiditeko prozedura eta beste - eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aldeko txostena egin zuen. Horrela, Altsasuko Udalak berehala onartuko du kirol zerbitzua zabaltzeko irekiera lizentzia. Hortaz, astelehenean, azaroaren 3an, zabalduko ditu ateak Altsasuko Zelandi Kirol Guneak. Abonuen tramitazioa eta ikastaroetan izena ematea zabalik Valentziako Nitral Pool enpresak kudeatzen du Zelandi Kirol Gunea eta baita gainontzeko udal kirol azpiegiturak ere - Burunda pilotalekua, Dantzaleku igerilekuak eta beste - . Asteartetik Zelandi Kirol Guneko harrera zabaldu zuten, erabiltzaileek zerbitzuko abonuen tramitazioa egin eta eskaintzen diren ikastaroetan izena emateko. Altsasuar askok oraindik ez zekien izena ematea zabalik zegoela, oraindik etxeetan ez baitzen informazio diptikorik banatu; baina, hala ere, jendea hurbildu zen Zelandi Kirol Gunera. Altsasuko alkate Unai Hualdek azaldu duenez, euren etxeetan zerbitzuaren inguruko informazioa aurki jasoko dute altsasuarrek, zerbitzuaren eskaintza, ordutegia, prezioak eta besteren berri izateko. Astelehenean instalazioak zabaldu eta ikastaroak hasiko dira, baina oraindik ere izena emateko epea zabalik dago. Jakina, bertako langileek informazio guztia eman eta dauden zalantzak argitzen dituzte. Aipatzekoa da bezeroen eskari eta interesaren arabera Zelandi Kirol Guneko zuzendaritzak aldaketak egin ahal izango dituela, eskainitako ikastaroen ordu kopurua dela, ordutegia dela, talde berriak sortzeko aukera... Aste osoko ordutegi zabala Zelandi Kirol Guneko ordutegia zabala da. Astelehenetan, asteazkenetan, ostiraletan eta larunbatetan goizeko 8:00etan zabalduko da eta 21:30ean itxi; asteartetan eta ostegunetan goizeko 7:00etatik 21:30era; eta igandeetan eta jaiegunetan goizeko 9:00etatik 13:30era. Eskaintzen diren zerbitzuak 6 hilabetetik gorako sakandarrei zuzenduak daude. Bestalde, Altsasuko Udaletik azaldu dute Zelandi Kirol Gunea zabaltzen denetik aurrera, Zelandi pilotalekura eta lehengo Zelandi kiroldegira sartzeko sarrera bakarra egonen dela, Zelandi Kirol Gune berritik hain zuzen. Lehengo sarbideak itxi eginen dira. Hiru abonu mota egiteko aukera Zelandi Kirol Guneko bazkide direnek hilero kuota ordainduz instalazioez gozatzeko ahalmena izango dute. Hiru abonu mota daude. Igerilekuetako abonuak (lehen abonu mota) igerilekuetan, hidroterapian, saunan eta bainu turkiarrean egotea ahalbidetuko dio erabiltzaileari, eta baita udan Dantzaleku igerilekuak erabiltzea. Helduek hilero 16 euro ordaindu beharko dituzte, jubilatuek eta haurrek 12 euro, eta Altsasuko klubetako kideek 13,60 euro. Pentsionistek eta minusbaliatuek 11,20 euro pagatuko dituzte. Familia bonoa ateratzen dutenek familia horretako pertsona bakoitzeko 12 euro ordaindu beharko dute, eta guraso bakarreko familien kasuan, kide bakoitzeko 11,20 euro. Abonu mistoa da bigarren mota. Kasu honetan, igerilekuetan, hidroterapian, saunan eta bainu turkiarrean aritzeaz gain, gimnasio eta muskulazio salan aritu daiteke bazkidea. Kasu honetan helduek hilero 21 euro ordaindu beharko dituzte, jubilatuek eta haurrek 15,75 euro, eta Altsasuko klubetako kideek 17,85 euro. Pentsionistek eta minusbaliatuek 14,70 euro ordaindu beharko dituzte. Familia bonoa ateratzen dutenek familia horretako pertsona bakoitzeko 15,75 euro ordaindu beharko dute, eta guraso bakarreko familien kasuan, kide bakoitzeko 17,70 euro. Hirugarren abonu motak, aurreko biak (igerilekuak+gimnasioak) hartzeaz gain, antolatutako ikastaroetan - igeriketa ikastaroetan izan ezik - parte hartzeko aukera ematen du. Kasu honetan helduek hilero 45 euro ordaindu beharko dituzte, jubilatuek eta haurrek 33,75 euro, eta Altsasuko klubetako kideek 38,25 euro. Pentsionistek eta minusbaliatuek 31,50 euro pagatuko dute, eta familia bonoa ateratzen dutenek familia horretako pertsona bakoitzeko 33,75 euro, eta guraso bakarreko familien kasuan, kide bakoitzeko 31,50 euro. Aparte, bazkide ez direnak kirol gunera sartu nahi badute, uren guneetara sartzeko 3 euro ordaindu beharko dute, eta gimnasiora sartzeko 4 euro. Bi guneetara sartu nahi badute 8 euro pagatu beharko dituzte. 4,2 milioi euro Zelandiko kirol gunea egiteko eta hura janzteko 4,2 milioi euro bideratu dira. Nafarroako Gobernuak milioi bat euroko laguntza eman zuen. Javier Chocarro izan da arkitektoa eta obrak HM, Compañia General de Construccion enpresak egin ditu. Zelandi Kirol Gunean ondoko instalazioak daude: beheko solairuan 25 metroko igerileku estalia, igeriketa erakusteko beste igerileku txikiago bat, eta spa edo balneoterapia area - relax igerilekua, sauna bustia eta lehorra, hidroterapia, bainu turkiarra, dutxa bitermikoak, etzaulkiak... - eta aldagelak. Goiko solairuan gimnasio handia dago, fitness, ciclo indoor eta beste sala batzuekin, erabilera anitzeko gelak, komunak, aldagelak eta beste. Instalazio erosoak eta ederrak. IKASTAROEN ESKAINTZA Ur-kirolak Altsasuko Zelandi Kirol Guneko igerileku estalietan aukera zabala egonen da: haur jaioberriendako eta euren amendako igeriketa ("matronatación" delakoa), eskolaurrekoendako igeriketa (3-4 urtekoendako), eskola-igeriketa (5-15 urtekoendako), kirol-igeriketa, helduendako ikastaroak (16 urtetik aurrera), pertsona nagusiendako ikastaroak (65 urte baino gehiago), gabezia dituzten pertsonendako ikastaroak, ikastaro terapeutikoak, eta aguagym, hau da, igerilekuan egindako aerobica. Gainera, ikastaroetan parte hartu ez ezik besterik gabe igeri egitera joateko aukera izango da. Gainontzekoak Igeriketari lotutako ikastaroez gain, orain arte Altsasuko Udalak antolatutako ikastaroen eskaintza mantendu da. Honako ikastaroetan eman daiteke izena: aerobic, karibear dantzak, ciclo indoor, sabel dantza, mantenu soinketa, soinketa suabea, psikomotrizitatea (4-6 urtekoendako), multikirolak (6-7 urtekoendako), pilates eta hip hop. Bestalde, gimnasio eta muskulazio gelan fitnessa egiteko aukera izango da, zuzendu gabeko saioetan, nor bere kabuz, hala begirale batek zuzendutako saioan, norberaren beharretara egokituta. Aipatu ikastaro guztiak hiruhilabeteka ordaindu beharko dira, multikirolak ikastaroa izan ezik, denboraldian kuota bakarra ordaindu beharko baita. Ikastaroen prezioa aurreko urteetako paretsua izanen da. Jakina, Zelandi Kirol Guneko abonatuek beherapena izango dute, %20 ingurukoa. Ikastaroak, printzipioz, eta aldaketarik ez badago, astelehenean hastekoak dira. Nolanahi ere, ondoko egunotan kiroldegiaren gestioa daraman Nitral Pool enpresak bezeroen interesak eta beharrak aztertuko ditu, ikastaroen kopurua eta ordutegiak gehitzeko eta beste. * Oharra: Ikastaroen ordutegi aukera zabala da. Ordutegien eta prezioen informazio zehatza jaiotzeko jo ezazue Altsasuko Zelandi Kirol Gunera edo hots egin 677 113 779 telefonora. Aurki informazio guztia jasotzen duen diptikoa banatuko da Altsasuko etxe guztietan.