Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Senior mailan Altsasuko Saskibaloi Taldeko bi talde ari dira lehian, Juniorrak Autonomiako 2. mailako lehen multzoan, eta Beteranoak Autonomiako 2. mailako bigarren multzoan. Laugarren jardunaldia jokatu zen joan zen asteburuan eta altsasuarrek ez zituzten emaitza onak lortu: Gazteek galdu egin zuten eta beteranoen partidua bertan behera geratu zen. Aurkari gogorra izan zuen Altsasuko gazte taldeak, Fonseca B Ursulinas taldea, eta ez zen hura mendean hartzeko gai izan. Urduri jokatu zuten gazteek eta, bide horretatik, bi 3. laurdenerako bi taldeen arteko ezberdintasuna ia gaindiezina zen. Hori gutxi ez eta taldekide batek, Alberto Hernandezek lesioa izan zuen. Itxura guztien arabera lesio larria izan daiteke, litekeena da belauneko lokailuen haustura edukitzea. Markagailuan Ursulinasen aldeko 87-48koa zegoela amaitu zen partida. Toki Ona da lehen taldeko liderra, 8 punturekin. Altsasuarrak taldeko 6. eta azkenak dira, 4 punturekin. Hain zuzen ere sailkapen buru eta azkenaren arteko lehia ekarriko du asteburu honetako jardunaldiak. Gaur jokatuko da, Altsasuko Zelandi kiroldegian, 20:00etan. Bigarren multzoan, Altsasuko beteranoek Uharte-Iruñerako bidea hartu zuten, bertako taldearen aurka lehiatzeko. 1. laurdenaren amaieran, Altsasuarrak 21-27 irabazten zihoazenenean, etorri zen ezustea: Uharteko taldea partidutik erretiratu zen. Altsasuarrak kontseiluaren erabakiaren zain daude eta garaipena Beteranoi emanen diela espero dute. Behin behineko sailkapenean, Altsasuko taldeak ixten du sailkapenaren taula, puntu bakarrarekin. Esan beharra dago, hala ere, jokoan zeuden lau jardunaldietatik bakarra dutela kontatuta altsasuarrek. Repuestos Gali da liderra, 7 punturekin. Igandean dute hurrengo norgehiagoka, 12:00etan, Altsasun, 2 punturekin 5.a den Lekarozen aurka. Puntu eta postu bakarrak bereizten ditu bi taldeak, beraz, gora egiteko aukera ona da Altsasukoendako.