Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Irakur zaletasuna duten, literatura maite duten eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite duten" altsasuar eta sakandarrei Testu bazka ekimenean parte hartzeko gonbitea egin die Kima euskara taldeak. "Aurreneko esperientzia positiboaren ondoren" euskaltzale altsasuarrek literaturaren inguruko ekimenarekin aurrera egin eta ikasturteko egutegia zehaztu dute. Kimatik adierazi dutenez Testu Bazka izeneko literatura topaketa hori "lagundutako irakurketa bat egitean datza". Guztiek euskal idazle baten testu labur bat irakurriko dute eta ondoren "saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, auzolanean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura, hitz joskera, esanahi bikoitzak edo dena delakoa ateratzen saiatuko gara. Norberaren iritziak plazaratu eta gainontzekoekin trukatzeko bidea ematen du, beraz, Testu bazkak". Kima euskara taldeak azpimarratu duenez "saio guztiak independenteak dira eta ez dago etxerako lanik. Horretaz gain, ez da aurretik ezer berezirik jakin beharrik". Ekimenak euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera ematen duela ere nabarmendu dute. EgutegiaTestu Bazkaren hurrengo saioa heldu den astelehenean izanen da, azaroaren 10ean. Hitzordua 19:00etan jarrita dago, Gure Etxea eraikineko 2. solairuan. Antolaketa errazteko Kima euskara taldeak Altsasuko udal liburutegian izena ematea eskatu du. Aldi berean ekimenaren hurrengo datak zehaztu dituzte: abenduak 15, ilbeltzak 12, otsailak 9, martxoak 16, apirilak 20 eta maiatzak 11.