Astelehenean zabaldu zituen ateak Altsasuko Zelandi Kirol Guneak. Momentuz 250 bazkide inguru dauzka aipatu zerbitzuak eta 200 pertsona inguruk eman dute izena kirol guneak eskaintzen dituen ikastaroetan parte hartzeko. Baina oraindik ere bazkide egiteko eta ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, bertako bulegoetatik pasatuz gero. Zelandi Kirol Guneko koordinatzaile tekniko Alfonso Nuñezek azaldu duenez, eskainitako ekintzek duten erantzuna aztertu nahi dute, horren arabera talde berriak sortu eta ordutegian aldaketak egin behar ote diren erabakitzeko. Altsasuko Zelandi Kirol Gunean guztira 15 pertsonak lan egiten dute: gerenteak, koordinatzaile teknikoak, sei monitorek, bi soroslek eta mantenu, garbiketa eta atezaintza lanetan aritzen diren beste 5 langilek. Erabiltzaileek instalazio berri, eder eta modernoak dituzte eskura: 25 metroko igerileku estalia, igeriketa erakusteko beste igerileku txikiago bat, spa edo balneoterapia area -relax igerilekua, sauna bustia eta lehorra, hidroterapia, bainu turkiarra, dutxa bitermikoak, etzaulkiak, etab. - , gimnasio handia, eta fitness, ciclo indoor eta beste kirol mota batzuk egiteko salak. Eskaintza zabalaIkastaroetan aukera handia dago: 6 hilabetetik aurrerako igeriketa ikastaroak, aquagym, aerobic, karibear dantzak, ciclo indoor, sabel dantza, mantenu soinketa, soinketa suabea, psikomotrizitatea (4-6 urtekoendako), multikirolak (6-7 urtekoendako), pilates eta hip hop. Bestalde, gimnasio eta muskulazio gelan fitnessa egiteko aukera izango da, zuzendu gabeko saioetan, nor bere kabuz, hala begirale batek zuzendutako saioan, norberaren beharretara egokituta. Eta jakina, ikastaroetatik aparte, igeri egiteko aukera izanen da. Instalazioak zabalik daude eta oraindik izena emateko aukera dago antolatutakoetan. Interesatuek Zelandi Kirol Gunetik pasa behar dute. Prezio eta ordutegien berri bertan emanen dute.