Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Autonomiako 2. mailako Senior mailan Altsasuko Saskibaloi Taldeko bi talde ari dira lehian, Altsasu Juniorrak (lehen multzoan) eta Altsasu Beteranoak (bigarren multzoan). Asteburuan bosgarren jardunaldia zegoen jokoan, eta bi taldeek etxean jokatu zuten, Zelandin. Altsasuko Juniorrek galdu egin zuten, 45-74, Toki Ona liderraren kontra. Egia da partida konplikatua zela, Toki Ona ez baita liderra alferrik. Baina altsasuarrek partida txarra egin zuten, oraindik ez dute eman dezaketen maila eman. Horrela, Toki Onak taldeak jarraitzen du lidergoan, 10 punturekin. Altsasu seigarrena eta azkena da, 5 punturekin. Aldiz, Altsasu Beteranoendako jardunaldi ederra izan zen azkena. 90-71 irabazi zieten Lekarotz taldekoei, denboraldiko lehen garaipena eskuratuz. Aipatzekoa da bi taldeak paretsu aritu zirela hirugarren laurdenera arte: hor gora egin zuten altsasuarrek. Autonomiako 2. mailako 2. multzoko liderra San Juan taldea da, 10 punturekin. Altsasu Beteranoak hirugarrena da, 4 punturekin. Asteburuan Autonomiako 2. mailako seigarren jardunaldia egongo da jokoan, eta Altsasuko bi taldeek atzera ere etxean jokatuko dute. Ostiralean, azaroaren 7an, Altsasuko Juniorrek Zelandi kiroldegian jokatuko dute, Larraona taldearen kontra. Altsasuko Beteranoek, aldiz, igandean jokatuko dute, 12:00etan, Zelandin, Peña Azagresaren kontra.