Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domeka gauean txanda horretako Gamesa enpresako langileak normaltasunez lanera sartu ziren. Aurreko asteartean abiarazi zuten greba mugagabea bertan behera gelditu zenaren adierazle garbiena izan zen. Horrez geroztik, ohiko lan jarduna bueltatu da Altsasuko lantegira. Enpresa batzordeko kideek (ELA, 6 eta LAB, 2) jakinarazi digutenez "kanporatutako langilea lanera itzuliko da eta absentismoa jaisteko aldeen arteko akordioa lortu da. Orain zuzendaritzarekin bilduko da absentismoari buruzko akordioari itxura emateko". Langileen ordezkariek azaldu digutenez "kanporatutakoarendako, langileendako eta zuzendaritzarendako, denendako, irteera duin bat bilatzen saiatu gara". Aldi berean, langileek emandako "erantzun izugarri onarekin" pozik zeuden enpresa batzordeko kideak. BilerakEnpresa batzordeko ordezkariek jakinarazi digutenez, ostegunean zuzendaritzarekin zazpi ordu eta erdiko bilera izan zuten eta "mugimendu batzuk izan ziren". Zuzendaritzako kideak eta langileen ordezkariak ostiralean bildu ziren atzera eta aurreko egunean hitz egindakoari itxura eman zioten, aurre-akordioa lortuz. Langileen batzarrak bere egin zuen enpresa batzordeak eta zuzendaritzak adostutakoa eta greba bertan behera uztea erabaki zuen. Bestalde, LAB sindikatuak enpresako langileak "zoriondu" ditu, "enpresan egin duten borroka eta elkartasun ariketagatik".