Musika Eskolako 170 ikasleek astelehenean emanen diote hasiera ikasturteari

Guaixe 2008ko azaroaren 6a

Hilabeteko atzerapenarekin, datorren astelehenean mustuko du 2008-2009 ikasturtea Altsasuko Musika Eskolak. Irakasleen egoera egonkortzeko helburuarekin, hautaketa prozesu selektiboa jarri zen martxan udalak irailean eta horrek ekarri du atzerapena. Berandu, baina osasuntsu ekingo dio Musika Eskolak ikasturte berriari. Izan ere, matrikula datuek % 25 egin du gora: 170 ikaslek emanen die hasiera ikasturteari, iaz baino 35 gehiagok. Eskaintza zabalaHamaika instrumenturen artean aukeratu ahal izan dute Altsasuko musika eskolako ikasleek. "Betiko instrumentuekin batera, instrumentu moderno eta tradizionalei lekua egiten saiatu gara" eman digu jakitera Musika Eskolako irakasle Josu Estarronak. Horrela, ohiko haizezko instrumentu, biolin, gitarra, piano, txistu edo akordeoilarien ondoan, bateria, gitarra eta baxu elektrikoko ikasleak egonen dira, baita konbo edo alboka eta gaita ikasleak ere. "Azken hauek aurtengo berritasunak dira" adierazi du Josu Estarronak "horiekin Musika Eskola herritar eta, bereziki, gazteengana gerturatu nahi izan dugu eta musika klasikotik haratago, jazzari nahiz musika tradizionalari lekua egin". 3 ikaslerekin hasiko dira gaita klaseak eta bakar batekin alboka, "ez dira emaitza txarrak lehen ikasturterako" adierazi du Estarronak. Kantuko klaseen eskaintza ere aztertzen ari direla gaineratu du Musika Eskolako irakasleak, "eskaera handia baita".13 irakasle ardurako dira ikasgai horiek emateaz. Horietatik 7 irailean hasi zen hautaketa prozesuari esker sartu dira Musika Eskolan. 3 plaza ekainetik aurrera beteko dira, hautaketa prozesua berrian. Ekipamendua eskuratzeko lehiaketaIkasturte honetan ere, Navarro Villosladak hartuko ditu Musika Eskolako klaseak. Martxa onean daude egoitza berriaren lanak eta litekeena da abendurako amaitzea. Josu Estarronak jakitera eman digu Ekipamendua eskuratzeko lehiaketa publikoa eginen dutela laster. "Aztertu beharko dugu leku aldaketa ikasturte barruan egin eta Aste Santuan eraikin berria mustutzeak merezi duen. Bestela, ikasturte berrirako utziko dugu leku aldaketa" adierazi du Musika Eskola irakasleak. Egitasmo berriak abianEgitasmo berria abian du Altsasuko Musika Eskolak. Egoitza berria izanen da aldaketa nabarmenena, baina hori bezain garrantzitsuak dira agerian ez dauden aldaketak. Aurreko ikasturtean Estatutuak eta Barne Araudia aldatu zuten eta Eskola Kontseilua sortu zuten, bertan Musika Eskolako ahots guztiei lekua eginez: Udalari, irakasleei, gurasoei, ikasleei eta administratzaileari. Aurreko ikasturteetan bizitako une zailen ondoren, egokitzapen horiekin "giroa baretzen" ari dela esan digu Josu Estarronak. Arlo pedagogikoan ere aldaketak ekarri ditu egitasmoak. Gainera bi lau-hilatealditan banatuko dute ikasturtea. Eraldaketa horiekin guztiekin bat, Josu Estarronak jakinarazi digu Olaztiko Musika Eskolarekin harremanak estutzen ari direla. "Bi Musika Eskolak uztartzea aztertzen ari gara" adierazi du Musika Eskolako irakasleak. Hori bai, "orain arte bezala, bi Musika Eskoletan emanen dira klaseak" argitu du. Bateratze hori egiteko moduak aztertzen ari dira Musika Eskolak.