Nafarroako Abiadura Handiko Trenbideari (AHT) buruzko bigarren informazio jardunaldiak antolatu ditu AHT Gelditu! Elkarlanak. Gaur eta bihar izanen diren jardunaldi horiek "herritarrei eta zergadunei ezkutatu nahi dieten errealitate eta eztabaida baten bozgoragailua izan nahi dute". Hiru egoitzetako bat Altsasu da eta gaur, 19:00etan, Iortia kultur guneak hartuko ditu. Lehenik eta behin, AHT-ren Nafarroako korridorearen berri eman eta egitasmo horrek Sakanan izanen duen eraginaren inguruan arituko dira. Ondoren Euskal Y egitasmoaren berri zabalduko dute eta, bukatzeko, Gaztela Leongo egoeraren berri emanez despedituko da jardunaldia.