Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estatuko zinema aretoetara hurrengo ostiralean iritsiko da La buena nueva, Helena Taberna zinemagile altsasuarraren azken lana. Aurretik, ordea, filmaketan parte hartu zuten 133 altsasuarrek eta haiekin doan gonbidatu banak filma ikusteko aukera izanen dute, gaur, 21:00etan. Helena Tabernak bere filma Altsasuko apaiz izan zen Marino Ayerraren No me avergoncé del evangelio liburuan oinarritu du. Espainiako gerra zibila piztean sozialistak nagusi ziren herri batera iritsi zen apaiz baten istorioa kontatzen du filmak. Protagonistaren papera jokatu duen Unax Ugaldek aktore onenaren saria irabazi berri du Valladolideko zinema jaialdian, Semincin. Pelikulan estra bezala lan egiteko kasting-a egin zen Altsasun eta 155 pertsonak parte hartu zuten. Gehienek iazko maiatzaren 30ean Leitzan egin zen filmaketan parte hartu zuten. Horretaz gain, Erkudengo Ama abesbatzakk bi kanta abestu zituen Ezkio-Itsasoko elizan egindako grabazioan. Gaur haien buruak pantaila handian identifikatzen saiatuko dira. Gainontzekook heldu den ostiralera arte itxaron beharko dugu. Edo abenduko aurreneko asteburura arte, orduan proiektatuko baitute Tabernaren filma Iortia kultur gunean.