Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bertsoberriz Altsasun izena eman diote Kima euskara taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu duten zikloari. Haren bidez, "bertsolaritzaren zaletasuna zabaldu eta sustatu nahi du Altsasuko eta, oro har, Sakanan". Bertsoberriz Altsasun zikloak, lau ekitaldiren bidez, "bertsogintzaren alor ezberdinak erakutsiko ditu". Bertsoberriz Altsasun zikloa gaur gauean jokatuko den bertso-pilota jaialdi batekin hasiko da. Gaztetxoen arteko pilota partida batek zabalduko du jaialdia. Ondoren duela bi urte jokatutako bertso-pilota saioaren "errebantxarekin" gozatzeko aukera izanen da. Sueskun-Zabalo pilotariak, Gorritiko Julio Soto bertsolaria botilero dutela Mazkiaran-Lagos bikotearen kontra ariko dira. Azken horien aholkularia Gartzaingo Jon Elizetxe bertsolaria izanen da. 22:00etan dago hitzordua jarrita eta sarrera doan da.Bihar, bestalde, gazteak bertsolaritzara hurbiltzeko tailer "praktiko, parte-hartzaile eta dibertigarria" iragarria dago. 18:00etan izanen da, Gure Etxea eraikinean, Gazte Txokoan. Antolaketa errazteko gazte txokoan edota gazteria sailean izena ematea eskatu dute antolatzaileek. Bertsoberriz Altsasun zikloa osatuko da hilaren 15ean Iortian izanen den bertso saioarekin eta 20an Joxe Iriarte Zufiarre, Ttotto, bertsolari altsasuarraren inguruko hitzaldiarekin.