Maila ederra Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako Altsasuko saioan

Guaixe 2008ko azaroaren 10a

Larunbatean jokatu zen Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako lehen final-aurrekoa. Parte-hartzaileen artean gazteak nagusi izan ziren. Haien artean zeuden Altsasuko talde bat eta bakarlari bat. Hasi aurretik guztiei aurreskua dantzatu zieten. Alazne Guinea Jimenezek, Olatz Monreal Oiarbidek, Leire Solano Diazek eta Ainhoa Ramirez de Alda Azurmendik osatzen duten Iaioak taldeak Anje Duhalderen Eperrak eta Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean kantatu zituzten. Oholtzara ere Marta Vilariño igo zen. Hasiera batean a capella Lor taldearen Zure doinua kanta abestuko zuela iragarri bazen ere, azkenean lagunekin igo zen eskenatokira eta haiek gitarrekin lagundu zioten. Larunbateko Altsasuko final erdirako Euskal Kantuzaleen Elkarteak 14 bakarlari, bikote eta taldearen emanaldia iragarri zuen. Baina haietako zenbaitek azken unean kale egin zuen. Iortian lehiaketara aurkeztutako 8 kanta entzun ziren. Saioa borobiltzeko, lehiaketatik kanpo, parte-hartzaile zenbaitek hainbat kantu abestu zituzten. Iortia kultur gunean bildu zen publikoak abeslarien mailarekin gozatu zuten. Elizondoko larunbateko finalaurrekoaren ondoren jakinen da Burlatako Kultur Etxean jokatuko den azken saioan zein artistak parte hartuko duen.