Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den astetik Altsasuko elizako hegoaldeko atea aldamioz inguratuta dago. Eraikuntza metaliko horietan gora eta behera dabiltza ate gainean dagoen terraza konpontzen ari diren langileak. Horretaz gain, elizpea ere konponduko dute. Langileek iraila hasieran hasi zuten eliz dorrean hainbat konponketa lan, harriak ongi kokatzeko harri artekoak bete esaterako. Lan horiek oraingoan despedituko dituzte. Duela bi aste berriz, eliz-dorrean bertan tximistorratza jarri zuten. Eraikinaren barrualdean ere egokitzapen lanak egin ditu parrokiak. Argi-indar kable guztiak ordezkatu dira. ErlojuaRafael Ayerra apaizak esan digunez, heldu den astean erlojuko makineria aldatuko dute. Azken aldian eliz dorrera ordu eske begiratu duenak ohartuko zen erlojuaren orratzak falta zirela. Berriak egiten ari omen dira. Nahikoa arazo eman ditu azken urteetan erlojuak eta aldaketarekin horiekin bukatzea espero da. Azkenik, ezkilak jotzeko sistema automatikoa ere jartzea aurreikusten du parrokiak. Lan guztien aurrekontua 70.000 euro ingurukoa izan da. Haietatik 56.000 euro inguru parrokiak Nafarroako Kutxaren Zeuk aukeratu, zeuk erabaki ekimenaren bidez eskuratu ditu. Jakina denez, iazko udan elizako teilatua berritu zuten.