Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren hasieratik 18ra bitartean ekitaldiz betetako Extremadurako VIII. Kultur Astea antolatu zuen Altsasuko La Encina elkarteak. Aurtengo kultur asterako prestatua zuen kultur eskaintza zabaldu zuen elkarteak, eurek prestatutako programazioari Badajozeko diputazioak Donostia, Andoain, Iruñea eta Altsasuko elkarteekin elkarlanean antolatutako programazio kulturala batu zitzaiolako. Ondorioz, kultur eskaintza zabala eta anitza izan zen, eta erantzuna, handia. Piedras Albaseko alkate Maria Antonioa Fernandezek irakurri zuen aurtengo pregoia, Altsasu eta Piedras Albas herri senidetuen arteko harremanak estutuz. Horren ondoren, Extremadurako Kultur Asteak makina bat ekitaldi hartu zituen. Haietako batzuk Badajozko diputazioarekin elkarlanean antolatutakoak izan ziren, eta dohain atera zitzaizkion La Encinari. Beste ekitaldiak beste etxe erregionalekin elkarlanean eta eurak antolatutakoak izan dira. Ekitaldi guztiak Iortia Kultur Gunean gauzatu ziren, ikusleek sarrera dohain zutela, eta jendez gainezka. 3.000 pertsona"Kultur Astearen oso balantze positiboa egiten dugu, antolatutakoetan jende asko egon delako eta erantzuna oso ona izan delako. Herri guztiari zabaldutako ekitaldiak dira, dohainik, eta horregatik Iortia Kultur Gunean antolatu ditugu, gure lokalean egin beharrean. Jendea oso kontentu geratu da antolatutakoarekin eta gu ere oso pozik gaude" azaldu du La Encinako presidente Isidro Blazquezek. 3.000 pertsona inguruk jarraitu dute Kultur Astean antolatutakoa. Altsasuko Udalaren "tratuarekin" kexuLa Encina elkartea 2002 urtean sortu zen. Iruñeko etorbidean du egoitza, egoitza kulturala eta gastronomikoa, eta 114 bazkide inguru. CAN fundaziotik, Nafarroako Gobernutik eta Extremadurako Juntatik jasotzen ditu diru laguntzak. Altsasuko Udaletik ere diru laguntza kobratzen dute, baina azkenaldian ez daude oso konforme Altsasuko Udalak eurekin izan duen "portaerarekin", eta 2007ko diru laguntza eskaerarekin gertatu zaiena argitu nahi izan du Isidro Blazquez lehendakariak. Elkarte eta taldeendako udalak zehazten dituen 2007ko diru laguntza soziokulturalen deialdira aurkeztu zen La Encina, urtero legez. "2.100 euro ematea onartu zuten, eta %60a ordaindu ziguten, 1.200 euro, eta beste 900 euroak fakturak aurkezterakoan jasoko genituela esan ziguten. Fakturak aurkeztu eta trabak jarri zizkiguten: diru laguntzak emateko baremoaren arabera faktura batzuk ezin zituztela onartu, besteak bai... Ondorioz, kobratzekoak genituen 900 euroak ukatu zizkiguten eta jasota genituen 1.200 euroetatik 666 euro kendu zizkiguten. Azalpenak eskatu genituen eta aurtengo urtarrilaren 16tik ona bilera baten zain gaude, gertatutakoaren azalpena eskatzeko, eta ez dugu erantzunik jaso" azaldu du Blazquezek. Horregatik, Udaletik jasotako tratuaren aurrean "diskriminatuta" sentitzen direla dio La Encina elkarteko presidenteak, eta azalpen bat nahi dutela gaineratzen du. Iazko diru laguntzen azalpena jaso ez dutenez, aurtengo diru laguntza deialdian ez aurkeztea erabaki dutela esplikatu du Isidro Blazquezek. "Extremadurako Kultur Astea antolatzerakoan Badajozko diputazioarekin elkarlanean antolatutako ekitaldietan Iortia Kultur Guneko lokalaren alokairua ez kobratzea eskatu genion Udalari, baina ezetz erantzun ziguten, horretarako elkarteendako udal diru laguntzak daudela. Ez dugu jarrera hori ulertzen, diru laguntzen azalpenen zain baikaude oraindik" dio Blazquezek, dohainik ziren ekitaldietarako Iortiako salaren alokairua kobratu izana kritikatuz. Diru hori beste subentzioetatik lortu ahal dutela gaineratzen du La Encinako lehendakariak, baina bere iritziz Udalaren jarrera ez da egokia. "Guk antolatutakoekin interes gutxi eta elkarlan gutxi erakusten dute. Ez dira etortzen edo gogo txarrez datoz" salatu du Blazquezek. Udalak diskriminazioa ukatu duGuaixe Altsasuko alkate Unai Hualderekin jarri da harremanetan eta berak azaldu du diru laguntza deialdietan aurkezten diren talde guztiei tratu berbera ematen zaiela. Diru laguntza soziokulturalen deialdira aurkezten diren talde guztiei Udalak aurretik zehaztutako baremoa aplikatzen zaiela esplikatu du alkateak. "Baremoaren arabera badaude aktibitate batzuk laguntza jaso ahal dutenak eta beste batzuk ez. Horregatik, taldeek antolatutakoaren azterketa egiten da eta lagundu daitekeena laguntzen da eta baremoaren arabera lagundu behar ez dena ez da laguntzen. Eta talde guztiei aplikatzen zaie berdin baremoa" azaldu du alkateak. Bestalde, gaineratu du ahal duten ekitaldi guztietara agertzen direla. Iortiako gelen alokairuaren inguruan, alkateak azaldu du La Encinak kultur asteko ekitaldiak antolatu eta gero eskatu zuela Iortiako gelen alokairua ez kobratzea. "Eskaria garaiz eginen balute, ziurrenik baiezko erantzuna izanen lukete eta Altsasuko Udala laguntzaile bezala azalduko litzateke euren karteletan. Karteletan soilik Extremadurako Junta, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Kutxa eta Badajozeko Diputazioa agertzen ziren laguntzaile moduan" azaldu du alkateak.