Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima Euskara Taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu duten Bertsoberriz Altsasun zikloaren barruan, larunbaterako, 20:00etan, bertso saioa iragarria dago Iortia kultur gunean. Dozena erdi bertsolari izanen dira Iortiako eskenatokira igoko direnak. Alde batetik, kantuan ariko dira Asier Otamendi eta Manex Agirre, Arabako txapeldun eta txapeldunorde direnak. Bestetik, Julen Zelaieta eta Jon Barberena, Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde diren bertsolariak ere ariko dira. Eta, haiekin batera, bertsotan ariko dira Gipuzkoako txapeldun den Aitor Mendiluze eta 2004an Bizkaiko txapeldun izandako Igor Elortza.Sarrerak 3 eurotan daude salgai Iortia kultur gunean. Sarrerarekin batera Joxe Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolaria eta bere garaiko Altsasu liburua erosten duenak 12 euro ordaindu beharko ditu.HitzaldiaBertsoberriz Altsasun zikloarekin erakunde antolatzaileek "bertsolaritzaren zaletasuna zabaldu eta sustatu nahi du Altsasuko eta, oro har, Sakanako herritarren artean". Haren barrean iragarria dago Joxe Iriarte Zufiaurre bertsolari altsasuarrari buruzko hitzaldia. Heldu den ostegunean izanen da, hilaren 20an, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Alfredo Alvaro Igoak eta Josema Leitzak hartuko dute hitza. Bertso-pilotaKima Euskara Taldea eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen asmoa izan da ere "bertsogintzaren alor ezberdinak erakustea". Horren adibide da aurreko ostiralean jokatutako bertso-pilota jaialdia. 80 pertsona inguru bildu ziren Burunda pilotalekuan. Zaletuek "bertsolariak haien bikoteak nola animatzen zituzten eta aurkariak nola zirikatzen zituzten" entzun eta gozatu ahal izan zuten.