Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko seme eta bertsolari zen Jose Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolariaren berri emanen duen hitzaldi batekin despedituko da ostegunean Bertsoberriz Altsasun zikloa. Alfredo Alvaro Igoa eta Josema Leitza ariko dira bertsolariaz hizketan, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Altsasuko Kima Euskara Taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu duen zikloak "bertsogintzaren alor ezberdinak erakutsiz, ziklo honekin bertsolaritzaren zaletasuna zabaldu eta sustatu nahi izan" dute. Hala, larunbatean, Iortia kultur gunean bildu ziren 60 pertsonak bertso saio ederraz gozatzeko. Josema Leitza gai jartzaileak sei bertsolariak lanean jartzeko Joxe Iriarte Zufiaurrek, Ttottok idatzitako bertso papereko bertsoak izan ziren saioko oinarria. Josemak Ttottoren bertsoa kantatu eta bertsoan aipatzen zen gaia gaur egun kokarazi zituen bertsolariak. Hala, bertso saioaren hasieran krisiaren aipamen ugari egin zituzten bertsolariek. Hasierako seriotasunetik bukaerako puntukako saio umoretsura arte Iortian bildutako bertsozaleek gozatu ederra hartu zuten.