Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiral gauean hasi zen Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako Erremonte Torneoa, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Guztira sei biko lehiatuko dira aipatu txapelketan, bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzaren barruan ligaxka jokatuko da, eta onenak finalerdirako sailkatuko dira. Hain zuzen ere abenduaren 5ean jokatuko dira finalerdiak, eta final handia, abenduaren 12an. Txapelketa honetan Sociedad Deportiva Alsasua taldeko Arza eta Iriarte ditugu Sakanako ordezkari bakarrak, A multzoan. Hain zuzen ere ostiraleko jaialdian Euskal taldeko Ezkurra eta Urrutia izan zituzten aurkari, baina ezin izan zuten irabazi. Arza eta Iriartek 26-35 galdu zuten Ezkurra eta Urrutiaren kontra. Bigarren partidan, B multzoko Isatxi eta Barrenetxeak (SDA Galarreta) 35-28 irabazi zieten Retegiri eta Zubeldiari. Ostiral honetakoaOstiral honetan, azaroaren 21ean, Sociedad Deportiva Alsasua Erremonte Torneoko ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da. A multzoan, Arza eta Iriartek (Sociedad Deportiva Alsasua) Pascual eta Saldias (Euskal) izanen dituzte aurkari. Ea altsasuarrek garaipena lortzen duten, lehen jardunaldian galdu eta gero. Eta B multzoan, Retegi eta Zubeldiak (Euskal) Antxordoki eta Parisen kontra (Euskal) jokatuko dute.