Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako batzorde exekutiboak urtero ematen dituen sariak nori ematea erabaki du. Saritutakoen artean dago Altsasuko Sunsundegui enpresa. Harendako izanen da Ganberaren esportazio saria, abenduaren 10ean eginen den ekitaldi batean jasoko duena. Altsasuko Ibarrea industrialdean dagoen enpresak autobus eta trenen karrozeriak egiten ditu. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak esportazio saria emateko garaian kontuan izan du enpresak izan duen "nazioarteko zabalkunde indartsu eta azkarra. Hamahiru urte eskasetan atzerriko merkatuetan ekoizpenaren %35 saltzera eraman duena". SunsundeguiAurreko mendeko berrogeiko hamarkadan Irunen sortu zuen enpresa Jose Sunsundeguik. Baina urteekin Gipuzkoako egoitza txiki gelditu eta Altsasura lekualdatu zen enpresa, 1955ean. Laurogeiko hamarkadara arte RENFErendako konponketa lanak egin zituen enpresak. Baina tren konpainiak bere konponketa tailerrak martxan jartzeak enpresa krisian sartu zuen. 1987an zuzendaritza talde berriak autobus dibisioa martxan jarri eta aurreko jarduerarekin bat egin zuen. Sunsundegui, pixkanaka, ezagutzera eman zen eta merkatuko marka garrantzitsuenekin lanean hasi zen: Volvo, Mercedes, Scania edo Man.Aurreko hamarkadaren erdian hasi zen esportatzen Sunsundegui, batez ere Israelera. 2000. urtean Volvorekin hitzarmena lortu eta produktu osatua kanpoan saltzea ekarri zuen. Horrek beste merkatu batzuetako ateak zabaldu zizkion. Gaur egun Europako 13 herrialdetara, Asiako hirutara eta Afrikako herrialde batera esportatzen ditu Sunsundegik bere autobusak. Gaur egun Sunsundeguik martxan ditu hiri handietako ingurumen eta mugikortasun arazoak konpontzeko egitasmoak: Metrobus egitasmoa edota autobus hibridoa.