Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ramon Maria del Valle-Inclanen esperpentoa ekarriko dute Altsasura Gayarre Antzokia Udal Fundazioak eta La Ortiga TDS antzerki taldeak. Bihar, 20:30ean, Iortia kultur guneak Luces de Bohemia antzezlana hartuko du. Valle-Inclanen tragedia moderno, barregarri eta aintzatsuan Max Estrella eta Don Latino "infernuetara jaitsiko dira". Azken horrek saldu duen eleberriagatik gehiago kobratzea eskatuko dute biek, alferrik. "Infernurako jaitsiera" horretako bidean tabernak, liburutegiak, kafeak, egunkari erredakzioak, ziegak eta beste bisitatuko dituzte, Maxek heriorekin topo egin arte. Angel Saguesen zuzendaritzapean hamabost aktorek eta 3 musikarik hartuko dute Iortiako eskenatokia. Zuzendariak antzezlana egokitu egin du, "denbora eta espazioa unibertsalizatzen, lokalismoak ez baitzaizkit interesatzen". Eskenatokian gutxienekoa izanen da eta dena material garaikideekin egina.