Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Australiako Melbourne hirian pistako txirrindularitzako Munduko Kopako bigarren kanporaketa izan dute jokoan pasa den ostegunetik larunbatera. Bertan izan da, besteak beste, Hodei Mazkiaran altsasuarra. Pistard gazteak ez ditu nahi bezain emaitza onak lortu. Lehen egunean, ostegunean, hasiera txarra eman zion Mazkiaranek Munduko Kopari: taldekako abiadura proban, behar baino 15 metro lehenago zabaldu zen lagunari erreleboa emateko eta epaileek zorrotz zigortu zuten. Horrek 10. postuan utzi zuen Altsasuko pistard bikaina. Keirinean lehiatu zen ostiralean eta honetan ere gauzak ez ziren espero bezala atera. Final-erdietara sailkatzeko arazo handirik izanen ez zuela bazirudien ere, ez zuen bere helburua bete altsasuarrak. Azken egunean, larunbatean, abiadura probaren txanda izan zen. Honetan ere, ez zuen ohi duen maila eman Altsasuko pistardak. 23. postuan amaitu zuen, hurrengo fasera pasatzeko inolako aukerarik gabe. Estatuko hautatzaile Cabeza de Vacaren hitzetan "ez da une erraza Hodei Mazkiaranendako. Ahalegin handiak egiten ari da, baina ez da dagokion emaitzak lortzen ari". Altsasuko pistardak atsedena hartuko du orain bistaz operatzeko. Estatuko hautatzailearen iritziz ongi etorriko zaio atsedenaldi hau eta handik bueltan "duen guztia erakutsiko du" berriz ere.