Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak kirol-merituaren zilarrezko dominarekin saritu du Peio Bergara altsasuarra. Aparteko izendapen honen bidez Foru Gobernuak pertsona edo entitateek Nafarroan kirola sustatzeko egindako lana goraipatzen du. 26 nafarrek jasoko dute kirol-merituaren zilarrezko domina 25 urtez, kirol taldeen zuzendaritzan edo talde teknikotan, kirola sustatzeko egindako lanagatik. Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaile Jose Javier Esparza Abaurreak adierazi zuen izendapen horiekin guztiekin agerian geratzen dela "beste batzuek kirola egiteko asko direla isilpean lan egiten dutenak". Ez da Peioren ibilbidea goresten duten lehen aldia. Urrutira joan gabe, iaz Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren aipamen berezia jaso zuen, Sakanako Kirolari Onenaren izendapenen barruan.Datorren asteartean, abenduaren 2an, banatuko dituzte dominak Nafarroako Jauregiko tronu aretoan, Nafarroaren Egunaren ospakizunen barruan. Kirolari eskainitako biziaPeio Bergarak kirolari eskainitako denboraren berri emateko, 25 urte ez, baizik eta 35 egin behar ditugu atzera. Ibilbide luze horretan zenbait kirol sustatu ditu ikastetxe edota hainbat kirol elkartetan. 17 urterekin hasi zuen ibilbidea Altsasuko ikastetxeetan. 10 urtez bere ardurapean landu ziren kirol jarduerak Altsasuko Zelandi ikastetxe publikoan, Iñigo Aritza ikastolan, La Compasion ikastetxean eta Kaputxinoen eta Corazonistas ikastetxeetan. 35 begiralerekin hainbat kirol jarduera lantzeko aukera izan zuten ikasleek. Kirol koordinatzaile zela sortu zituen Altsasuko Mini Olinpiadak. 16 urtetik gorakoen 10 talde kirol ugaritan lehiatu ohi ziren astebururo: areto futbolean, saskibaloian, eskubaloian, atletismoan...Eskubaloiko prestatzaile eta entrenatzaile tituluak aterata, Sociedad Deportiva Alsasua elkarteko zenbait talderen ardura hartu zuen. 1983an eskubaloiko nesken taldea sortu zuen Etxarri Aranatzen, 5 urtez Nafarroako ligan parte hartu zuen taldea. Ikastetxeak eta eskubaloia utzita, 1988an Burunda Txirrindula Taldeko zuzendaritza batzordean sartu zen. Zenbait lasterketa antolatu behar izan zituen Sakanan garai hartan. 1997an Dantzaleku Sakana atletismo taldean sartu zen. Bertan, kirol batzordeko kide eta diruzain izan da urtetan eta gaur egun lehendakariordea da. 52 urterekin, Altsasuko Atletismo Eskolako begirale ere bada. Esan beharrik ez dago, Peio Bergarak "oso gustuko" du kirola. Horregatik eskaini dio bere bizia kirola praktikatu eta sustatzeari. 35 urtetan egindako lanaren errekonozimendua jasoko du datorren asteartean.