Kamera eta akzioa!

Guaixe 2008ko azaroaren 25a

Domekan aurkeztu zuen Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) film laburren II. txapelketa. Duela bi urte antolatu zuen AGAk aurreneko "jaialdi alternatibo eta autogestionatu". Orduko hark "arrakasta" lortu zuen eta orain gazte asanbladak "bertsio berritua eta hobetua" aurkeztu du. Domekako aukezpenean gazte asanbladako kideek azaldu zutenez "indar handiz eta maila altuarekin dator bigarren edizio hau nahiz eta lehen edizioa ahaztezina eta izugarria izan zen". LehiaketaAGAk antolatutako film laburren lehiaketan parte hartu nahi dutenek maiatzaren zortzira arteko epea dute lanak gaztetxean aurkezteko. Aurkezpenen esan zutenez "denbora dexente jendea bere ideak filmera eraman ahal izateko". Nabarmendu zutenez, interesatuek gaztetxeko edizio gela erabiltzeko aukera izanen dute. Lanak aurkezterakoan zuzendariek haien izena, telefonoa, film laburrari buruzko datuak (izenburua, iraupena, maila) eman beharko dituzte. Lehiaketara aurkeztuko diren lanak zenbait baldintzak bete beharko dituzte. Gehienezko iraupena 15 minutukoa izanen da. Film laburrak DVD formatuan aurkeztu beharko dira eta, haiekin batera, A4 tamaina duen kartel iragarlea. Azken hori, aurkezpenean azaldu zutenez "jaialdiari itxura "holibutiense" on bat eman ahal izateko da". Bost maila izanen ditu Altsasuko film laburren lehiaketak: animazioa, salaketa, fikzioa, 18 urtetik beherakoak eta telefono mugikorrekin egindakoak. Lehiaketako sariak ikusleek emanen dituzte. Baina horren berri aurrerago emanen dute antolatzaileek. Azkenik, AGAko kideek domekako aurkezpenean jakitera eman zutenez, astero gaztetxean bideo emanaldiak izanen dira, "palomitak edo bestelako elikagaiekin lagunduta".