Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean 68 altsasuarrek parte hartu zuten Errepresioaren Aurkako I. Topaketan. Antolatzaileek bilkuraren balorazio "oso baikorra" egin zuten, "parte-hartze handia izan zelako" eta "eztabaidatu ziren gaiak zein horietatik ateratako ondorioak oso aberasgarriak izan zirelako". Antolatzaileek jakitera eman digutenez, ostiraleko topaketan "argi gelditu zen Espainiako marko konstituzionala inposatzeko guardia zibilaren kuartela eta UPN-ren proiektu politikoa inposatzeko foruzaingoen komisaldegia ez ditugula behar". Horrekin batera, zera ondorioztatu zuten: "indar polizial errepresibo hauei babesa ematen dieten alderdi politikoak (PSOE, UPN eta NaBai esaterako) herriak jasaten dituen eraso guztien arduradunak dira eta hauen aurrean erantzun beharko dute". Azaldu digutenez, haien "lehen helburuetako bat militarrak gure kale, taberna, kirol eta erosketa guneetatik bota eta hauetan eroso ez egotea izango da". Bestalde, epaiketa zain dauden hiru altsasuarrei "babes osoa eskaini eta epaiketak eta horrekin batera Audientzia Nazionala gogor salatzea" erabaki zuten. Haietako baten epaiketa ilbeltzean izanen denez, abenduaren 12rako bigarren topaketa bat deitzea erabaki dute. Bilkura 19:30ean izanen da, Gure Etxea eraikinean. Horretan "errepresio guztiari hainbat ekintzaren bidez aurre egiteko" moduez eztabaidatu eta epaiketaren gaia aztertuko dituzte. Kasualitatea edo ez, bilkura hasi baino ordu eta erdi lehenago Guardia Civilak herriko sarrera guztietan kontrolak jarri zituen.