Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Heldu den urtean Altsasuko festak domekan hasiko dira eta horrek ostalariek aurretik zuten kezka areagotu du. Haietako batek esan digunez "inpresioa dugu festak asko jaitsi direla. Horregatik asteburu bat hartu beharra dagoela uste dugu". Aldaketa egin behar bada "aukera egokia orain" dela esan digu taberna bateko jabeak. Ostalariak esan digunez iritzi berekoak omen dira festetan feria-leku kalean atrakzioak jartzen dituztenak.Altsasuko Alde Zaharreko tabernetako nagusiak kezka hori irailean ere egin zuten eta festak 14tik gertuen dagoen asteburuan hastea proposatu zuten. Harrez geroztik bilerak egin dituzte eta haien proposamenarendako babesa bilatu dute. Antza, eskaerarekin bat egin du dagoeneko Altsasuko ostalaritzaren %90ak eta denden kopuru handi batek. Baina atxikimenduak bilatzearekin batera, Alde Zaharreko tabernak alderdi guztiekin bildu dira, beraien proposamena azaltzeko. ZozketakAlde Zaharreko tabernak, bestalde, gabonetarako hainbat saskiren zozketarako txartelak banatuko dituzte. Hilaren lehen hamabostaldian 250 euroko balioa duten bost zare zozketatuko dituzte bezeroen artean. Hilaren bigarren hamabostaldian, berriz, Alde Zaharreko tabernetako bezeroetako batek mila euroko balioa duen saski eder bat eskuratu dezakete.