Barrikarteren Omenezko Herri Lasterketak mende laurdena beteko du astelehenean

Guaixe 2008ko abenduaren 4a

Altsasuko herriak Alberto Barrikarteren Oroimenezko Herri Lasterketa hartuko du datorren astelehenean, hilaren 8an. Tradizio handiko herri lasterketa dugu: Zubeztia elkarteak antolatuta, 28. edizioa izanen da aurtengoa eta Barrikarteren oroimenez eginen den 25.a.Goizeko 11:30ean hasita, Altsasuko herri-gunean jokatuko da lasterketa. Korrikalariek lau bira emanen dizkiote herrietako kaleetan zehar prestatutako ibilbideari: Zubeztia elkartetik hasita, Larrainbidera joanen dira, Foruen Plazatik eta Lapurbidetik barna. Handik Garzia Ximenez kalerako bidea hartu eta, Zelai kalean joan-etorria egin eta gero, Zumalakarregi plaza aldera joanen dira, Isidoro Melero kaletik. Plaza inguruko kaleetan itzuli bat eman ondoren, atzera ere San Juan kaletik Garzia Ximenez kalera iritsiko dira. Zirkuituari laugarren bira eman eta gero, udaletxe aurrean despedituko dute lasterketa. 12,4 kilometro egin beharko dituzte denera.Antolatzaileek bi kategoria bereiztu dituzte: 18tik 39 urte bitartekoak eta 40 urtetik gorakoak. Egunean bertan izena eman ahal izanen da, musu truk.