Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen asteko asteazkenean Sociedad Deportiva Alsasuak bere futbol taldeen aurkezpena egin zuen Altsasuko Dantzalekun. Benjaminetatik hasi eta preferente mailara arte, 8 talde eta 173 jokalari atera ziren zelaira. Elkarteko bazkide, entrenatzaile eta gurasoen artean jendetza bildu zuen harmailetan. Baina goizak aurrera egin ahala, festaren hasiera bateko berotasuna hoztu zuen ahoz aho zabaldu zen zurrumurruak: elkarteak iturri fidagarritik jakin ahal izan duenez, Altsasuko Udalak ez du datorren urtean belarrezko futbol zelaia egitea aurreikusten. Elkarteko futbol sailak bere haserrea adierazi du aste osoan zehar.Futbol jarduera uzteko prestZurrumurruak martxan jarri du Sociedad Deportiva Alsasuako futbol saila. Asanblada deitu zuten joan zen ostiralerako. Entrenatzaile eta gurasoen artean 100 lagun inguru bildu ziren bertan eta erabaki gogorra hartu zuten: "Gaur egungo azpiegiturarekin ezinezkoa da futbolean jokatzea. Udalak belar artifizialeko zelaia 2009ko lehentasunezko proiektu izendatzen ez badu elkarteak futbola utziko du". 21 egun entrenatu gabe egon ondoren erabaki hori hartu dute elkarteko entrenatzaileek eta ostiralean haiekin bat egin zuten gurasoek. Udalaren esku utziko dute kirol hau. Ez da gaurkoa eskaera. 2006an hasi ziren zelai berria eskatzen. Udalak zelai berria 2008ko asmoetatik kanpo geratu zela ikusita, sinadura bilketa jarri zuen abian SD Alsasuak. 1.453 herritarrek egin zuten bat elkartearen eskaerarekin.173 jokalari ditu SDAk eta gehienek hareazko futbol zelaian jokatu behar izaten dute. Euria egiten duenean joka ezina izaten da zelai hau. Belarrezko zelaian astean partida bakarra baino ezin izaten da jokatu. Azken hilabetea joan den bezala joan ondoren, egoera negargarrian daude bi zelaiak. Elkarteko gurasoek bilkura egin zuten joan zen astearte gauean udaletxe aurrean. 200 pertsona baino gehiago bildu ziren bertan, barruan udal talde guztiak bilduta zeudela probestuz. Udalak Dantzalekuko instalazioak hobetzeko laguntza jasoko duAltsasuko Udalak 2009ko Estatuko Aurrekontu Orokorretik kirol instalazio eta jardueretarako milioi bat euroko diru-laguntza jasoko du. Nafarroa Baik aurrekontuei egindako zuzenketa partzial bati esker jasoko du udalak diru hori. Dantzalekuko kirol instalazioak hobetzeko 5 proiektu aurkeztu zituen udalak horretarako, 2,5 milioiko aurrekontuarekin. Pablo Lopez Colinaren esanetan, futbol zelai berriaren proiektua bideragarri egiteko egin ziren eskaera horiek. Gaineratu du Altsasuko Udalak laguntza hori jasoko zuela jakitean belar artifizialeko zelaia egiteko konpromisoa hartu zuela. "Kiroldegiko obrak zirela eta orain arte dirurik ez zegoela esan digu udalak. Orain, dirua dagoenean, berriz, ez digute ezer ziurtatzen" gaineratu du. Futbol saileko lehendakariak esan digunez udal ordezkariek 5 proiektu horien lehentasuna erabaki behar dute datorren astean. "Belar artifizialeko zelaiari lehentasuna ematen ez badiote, taldeak jarduera etengo du" adierazi du.