Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilaren 3an, ETAk Azpeitian Jose Inazio Uria Mendizabal hil zuen, tiroz. Atentatuaren hurrengo egunean Altsasuko Udaleko bozeramaileen batzordea bildu zen eta NaBai, PSN, UPN eta IUN-NEBren aldeko bozekin akordioa onartu zuen. Adostutako idatzi horretan sinatzaileek "ETAk burututako ekintza guztiz deitoragarritzat jo" zuten. Aldi berean, ETAk "langile, Azpeitiko bizilagun eta euskal enpresaburu zen Jose Inazio Uriaren hilketa ziztrina" egin zuela salatu zuten. Hildakoaren familiari doluminak adieraztearekin batera, Altsasuko Udalak elkartasuna adierazi zien Jose Inazioren "senide, lankideei, lagun guztiei eta euskal enpresaburuei".Altsasuko Udalak onartutako agiriaren bidez berretsi zuen "bizitza eskubidearekin eta beste giza eskubide guztiekin duen erabateko konpromisoa". Horrekin batera, "helburu politikoak nahiz bestelakoak lortzeko indarkeria erabiltzea deitoragarritzat jo" zuen udalak. Aldi berean, ETAri zuzenduta, udalak "argi" esan nahi zion "erabiltzen dituen formula zikin eta faxisten bidez inoiz ez duela bere helburuak lortuko". Altsasuko Udalak atentatua salatzeko herritarrak bilkura isilean parte hartzera deitu zituen. Atentatua "gaitzetsi eta Jose Ignazio Uriaren senideei elkartasuna" adierazteko elkarretaratzea pasa den ostegunean egin zen, udaletxe aurreko aldean.