Erkudengo Ama Sardiniatik bueltan da

Guaixe 2008ko abenduaren 10a

Italiaren menpe dagoen Sardinia irlan eman du asteburu luzea Erkudengo Ama abesbatzak.

Aurreko ostiralean abiatu ziren eta astelehenean bueltatu ziren. Orosei herrira joan zen Altsasuko abesbatza, nazioarteko kongresu etno historiko eta musikalean parte hartzeko. Erkudengo Amaren bisita eguraldiak baldintzatu zuen. Abesbatza Sardiniara iritsi baino bi egun lehenago euri jaso izugarria izan zen, etxe batzutan 2 metro ur pilatu artekoak. Hainbat eraikin hondatuta utzi zuen euriteak. Ezbehar larria izanda ere, sardiniarrek egindako harrerarekin oso eskertuak azaldu da abesbatza altsasuarra, "oso ongi hartu gaituzte, euritearen ondorioz egitekoak bazituzten ere egunero ondoan genituen".

Emanaldia

Erkudengo Ama abesbatzak igandean kontzertua eskaini zuen Oroseiko antzokian. Euskal eta erlijio kantuak eskaini zituzten. Altsasuarren aurretik, ordea, Oroseiko Cantores de Santa Maria abesbatzak sardinieraz bi abesti kantatu zituen. Erkudengo Ama abesbatza ere haiekin batera aritu zen hango kantu bat eta Maitia nun zira abestia kantatuz.

Abesbatzako kideak etxean dira dagoeneko eta esan digutenez ez dute baztertzen Oroseiko abesbatza noizbait Altsasun kantatzen entzutea. Sardiniako herriak kongresuko hitzaldiak eta bestelako jarduerak hartzearekin batera, urtero moduan, abendu hasieran inauteriak ospatu behar zituzten. Euriteak herrian hainbat txikizio sortu eta oroseitarrei ez zitzaien festarako gogo handirik gelditu. Hala ere, altsasuarrak han zirenez desfile txiki bat egin zuen ihote segizioak, Altsasuko inauteriarekin antza handia duena. Segizio horretan ere Erkudengo Ama abesbatzako kideek ere parte hartu zuten, Altsasuko ihoteko pertsonaiei bizia emanez.

Altsasu eta Orosei arteko harremana interneten bidez gauzatu zen. Sardiniarrek aurretik ere haien inauterien antzekoak diren Europako beste herrialde batzuekin trukeak eginak zituzten. Sarearen bidez Altsasuko momotxorroen berri jaso zuten. Iraila hasieran Guaixe astekariarekin harremanetan jarri ziren sardiniarrak eta guk Ihote Batzordearekin harremanetan jarri genituen. Sardiniarrak azaroan Altsasun bisitan izan ziren eta batzordearekin izandako harremanetik sortu zen Erkudengo Ama hara joateko aukera. Antza denez, etorkizunean bi herrien arteko kolaborazio gehiago egon litezke. Aukera gauzatu bitartean, domekan, Erkudengo Amak eta Burlatako San Blas abesbatzek kontzertua eskainiko dute. Iortia kultur gunean izanen da, 12:30ean.