Abenduan, jostailuak errege

Guaixe 2008ko abenduaren 12a

Kangu Udal Ludotekak jostailuen inguruko egitarau zabala prestatu du hil honetarako. Programazioa bihar jarriko da martxan. Iortia kultur guneak jostailuen erakusketa hartuko du, 11:00etatik 14:00etara. Merkatuan dauden jostailuak ikusteko aukera izateaz gain, hara biltzen diren haurrek ongi pasatzeko aukera izanen dute, Kangu Udal Ludotekak objektuen birziklapenaren bidez jostailuak sortzeko tailerra antolatu baitu. Erakusketa zabalik dagoen garai berean eginen da tailer hori. EgitarauaKangu Udal Ludotekak jostailuen inguruan antolatutako egitaraua asteazkenean, hilaren 17an izanen du segida. Juan Carlos Alonsok hitzaldia eskainiko du ludotekan, 18:30ean. Bere hitzaldiaren izenburua komunikabideen eragina gure seme-alabengan. Telebista, internet, telefono mugikor eta bestelako komunikabideen aurrean seme-alabekin nola aurre egin azalduko du. Hitzaldira joan nahi duenak hilaren 15era arteko epea du izena emateko. Ludotekan edo 948 467 662 telefonora deituz egin daiteke hori. Bilketa eta trukeaHaurrek etxean erabiltzen ez dituzten jostailuei beste erabilera bat emateko aukera ere eskaini du Kangu Udal Ludotekak. Txikienek atzo, gaur, astelehena eta asteartea dute haien jostailuak ludotekara eramateko, beti ere, 17:00etatik 20:00etara. Jostailua utzi eta gero umeek bi aukera izanen dituzte: txartela hartzea beste jostailu batengatik trukatzeko edo jostailua herriko beste haur bati emateko uztea. Ludotekatik adierazi digutenez, jostailuek garbi eta egoera onean egon beharko dute. Eta, hobe pilarik ez badute behar. Bildutako jostailuekin, heldu den ostegun eta ostiralean jostailu trukea antolatu da ludotekan bertan. Txartela eraman eta trukean jostailu bat eskuratzeko aukera izanen dute haurrek.