Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Ametsen azala? Bosten lanak biltzea edo islatzea bilatzen genuen eta ez da batere erraza. Titulu poetikoa bilatzea pentsatu genuen. Guk ulertzen dugu artea gauzatu den zenbait, ideia bat edo dena delakoa, egi baten atzetik dabilena". Hortik etorri zen erakusketaren izen burua, Ametsen azala, "finean artea amets bat da. Sinisten dugun zerbait, benetan ziurtatu dezakeguna baino gehiago". Miren Uztarroz Goñi eskulturagile uhartearrak hala azaldu zuen Beleixe Irratian erakusketaren zergatia. Miren Uztarrozekin batera Marta Fernandez Caballero, Carmen Marin Ruiz, Idoia Unzurrunzaga Llanch eta Maritxu Intxausti Leizaola dira Altsasuko erakusketan haien sormen lanak ikusgai jarri dituztenak. Hilaren hogeita zortzira arte izanen dira ikusgai. Baina, gaur, aukera aparta dago haiekin bildu eta haien lanaz galdetzeko, mustutze ekitaldia baitute 19:00etan. ErakusketaBost egile eta arte diziplina ezberdinen bidez sortutako lanak ikus daitezke Altsasuko Iortia kultur gunean. Hainbat pieza izanen dira ikusgai. Esaterako, Marta Fernandezek egindako bitxiak. Mirenek azaldutakoaren arabera "brotxe oso-oso bereziak dira. Berak ulertzen du bere bizitza metatzen duela pieza txikitxo horietan. Gorputzarendako eskultura gisa ulertzen ditu. Bitxigintza beti dekorazio bezala hartu da, baina kasu honetan beste planteamendu bat da". Maritxu Intxaustiren margolanak ere ikusgai izanen dira Iortia kultur gunean. Mirenek Beleixe Irratian esan zuenez, "oso-oso piktorikoak eta politak dira. Mandalekin eta halako gauzekin dabil. Artearen inguruko esparru espiritual hori bilatu nahian". Carmen Marinek ere margo lanak erakutsi ditu Altsasun, "pintura errealista. Argazkiak diruditen formatu handiko koadro handi batzuk", Mirenek azaldu digunez. Idoia Unzurrunzaga argazkilariak, aldiz, aurreko hilean egindako argazkiak erakusgai ditu.Mirenek, azkenik, "denetarik pixka bat" jarri du ikusgai. "Nire burua eskultoretzat daukat, baina azkenean eskulturekin zerikusia duten zenbait argazki, irudi digital landu, litografiaren bat... baina gehien bat eskultura". LagunakAltsasuko erakusketa gelak bildu dituen bost emakumeak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean ezagutu zuten elkar. Bakoitzak bere ibilbidea egina zuen eta hara iristerako, "adinez kanpo" zeuden, gainontzeko ikaskideak baino helduagoak zirelako. "Emakumearen egoerarekin pixka bat sentsibilizatuta geunden, eta artearen munduan duenarekin zer esanik ez. Horregatik elkartu ginen, guk gure erakusketa egiteko. Justifikatzeko eta aldarrikatzeko emakumeak ere bagaudela. Artistak ere bagara. Nahiz eta prestigioa lortzen dutenak, normalean, soziologikoki eta antropologikoki, gizonak diren". Mirenek hala azaldu zuen elkartzeko arrazoia Sakanako irrati euskaldunean. Altsasukoren aurretik beste erakusketa batzuk izan dira. Esaterako, duela bi urte eta erdi Arbizun Gu ere bagara izeneko erakusketa prestatu zuten. Lehenengoa. Getxon eta Bilbon ere erakutsi dituzte lanak. Aurrera begira Gasteiz eta Donostia aldean erakusketaren bat moldatzeko asmoa azaldu dute. Bitartean, Altsasuko erakusketa asteartetik larunbatera, 18:30etik 21:00etara, eta domeketan 17:00etatik 21:00etara ikusgai dago. Esan bezala, hilaren 28ra arte.