Trasteando taldearen elkartasun kontzertu bikoitza larunbatean

Guaixe 2008ko abenduaren 12a

Larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan, Altsasuko Iortua kultur guneak Trasteando taldearen elkartasun kontzertuak hartuko ditu. Iazko esperientzia arrakastatsuaren ondoren aurten ere emanaldia prestatu du musikari talde altsasuarrak, beti ere, musika lagun beharra dutenak laguntzeko asmoz. Trasteandok emanaldian zehar orain eta betiko Espainiako kantuekin batera, Karibekoak eta Hego Amerikako abestiak eskainiko ditu. Horiek guztiei pop britainiarrak eta euskal kantugintzak eman dituen abestiak batuko zaizkio, gustu guztietako zaporeak maite dituen publikoa asetzeko nahikoa izanen dena. Trasteando taldeko kideak biharko emanaldiko protagonistak izanen dira haien ahots eta gitarrekin. Baina emanaldian ere laguntzaileak izanen dituzte. Hauexek hain zuzen ere: Josetxo Lumbreras (perkusioa); Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa eta ahotsa); Jesus Irisarri (txistua); Maite Larrea (akordeoia eta txirula) eta Jorge Cordon (teklatua). Azken hori, Iñigorekin batera, guztia primeran entzuteko ardura izanen dute. EgitasmoaAcción contra el hambre gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) bidez, Trasteando taldeak Kolonbiako Sierra Nevada de Santa Mariako herri indigenak lagunduko dituzte. Elkartasun kontzertuetan lortutako dirua pertsona haiek edateko uraz hornitzeko eta komunitatea jakiz hornituko dituen baratzeak sortzeko erabiliko da. GKE Nafarroako ordezkari Iñaki San Miguelek kontzertuaren eten batean emanen ditu azalpen guztiak eta hara bidaliko den diru txekea ere jasoko du. Horretaz gain, iaz eta aurten lagunduko diren eskualdeetako irudiak ere ikusgai izanen dira emanaldian zehar. Trasteando taldekoek emanaldiaren aurretik eskerrak eman nahi izan dizkiote Altsasuko herriari "guztion artean posible egiten dugulako ekarpen txiki bat bidaltzean hain mundu bidegabera".