Abenduaren 19 jokatuko da Altsasuko Erremonte Torneoko finala

Guaixe 2008ko abenduaren 12a

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako Erremonte Torneoko finalerdiak jokatu ziren ostiralean Altsasuko Burunda pilotalekuan. Aipatu txapelketan sei bikote aritu dira lehian, bi multzotan banatuta, eta lehenik eta behin talde bakoitzaren barruan ligaxka jokatu eta gero, sailkatutako biko onenek finalerdiak jokatu zituzten. Tamalez, Sakanako ordezkari bakarrak - Sociedad Deportiva Alsasuako Arzak eta Iriartek - ligaxkan jokatutako bi partidak galdu egin zituzten eta ez zuten finalerdietako txartela lortu. Ostiralean jokatutako lehen finalerdian, Antxordokik eta Parisek (Euskal) 35-30 hartu zituzten menpean Pascual eta Saldias (Euskal), finalerako sailkatuz. Bigarren finalerdian Ezkurrak eta Urrutiak (Euskal) finalerako txartela lortu zuten, Isatxiren eta Barrenetxearen (SDA Galarreta) aurrean 35-26 gailenduz. Hasiera batean final handia abenduaren 13an jokatzekoa zen, baina antolatzaileek atzeratzea erabaki dute eta horrela, abenduaren 19an erabakiko da Sociedad Deportiva Alsasua Erremonte Torneoa, Burunda pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Lehenik eta behin hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko da, eta bertan Pascual eta Saldias (Euskal) Isatxi eta Barrenetxearen kontra (SDA Galarreta) ariko dira. Final handian, Ezkurrak eta Urrutiak (Euskal) Antxordoki eta Paris (Euskal) izanen dituzte arerio.