Ahaztuak elkartearen "Memoriaren liburuak" zikloa

Guaixe 2008ko abenduaren 17a

Frankismo garaiko biktimak biltzen dituen Ahaztuak 1936-77 elkartea egia, ordaina eta justizia oinarritzat harturik, oroimen historikoa berreskuratzen lan egiteko sortu zen orain dela urte batzuk. Han eta hemen egiten dituen lanen artean oraingoan "Memoriaren liburuak" delako zikloa antolatu dute. Euskal Herrian barna eskainiko dituzten hitzaldiak emateko Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Altsasuko herria aukeratu dituzte. Ahaztuak elkarteko kideek azaldu dutenez, Altsasu aukeratzearen arrazoia "Frankismoak gogor jo zuen herri bat izan  zelako" izan da. Hortaz gain, gaur aurkeztuko den liburuan kontatzen denak, Urbasako Otxaportilloko gertaerekin antzekotasun handia duela nabarmendu dute. Memoriaren liburuen zikloaren barruan aurkeztuko den lehen liburua La memoria del grajero izenekoa da. Gertakariak Leonen kokatzen dira eta Frankismo garaiko testigantzak, dokumentuak eta prentsa artikuluak biltzen ditu 319 orriko lanean. Hainbat ikerlarik parte hartu du lan honetan eta horietako bat Julián Morante Espadas asteazkenean izango da Altsasun Ahaztuak elkarteko kideekin batera. Liburuaren aurkezpena egiteaz gain, aipatutako elkarteak bere burua aurkezteko aukera izango du gaur, 19:30ean, Altsasuko Iortia Kultur Gunean.