Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren hiruan, banatu zituen Sozilinguistika Klusterrak Hausnartu euskal soziolinguistika sariak. Epai-mahaiak lehen saria hutsik uztea erabaki zuen, "jasotako lanek alderdi oso interesgarriak dituzten arren ez baitute bete-betean erantzun soziolinguistikaren ikuspegitik ekarpen berritzaile izate eskakizunari". Epai-mahaikideek aurkeztutako lanen interesa azpimarratu ondoren, Klusterrak bost sari banatu zituen egun hartan, haietako bat Castillo Suarezi. Saritutako lan guztiak BAT soziolinguistika aldizkariaren 69. zenbakian argitaratuko dira urtea despeditu aurretik.SariaNafarroako toki administrazioetako euskararen normalizazioan eragiteko oinarriak lana aurkeztu zuen lehiaketara Castillo Suarezek. Lan horretan Castillok haien zerbitzuan euskara txertatu nahi duten Nafarroako toki administrazioak ditu kontuan. Haien asmoak aurrera eramateko planak egiten dituzte, baina ez dago Nafarroako legediari egokitutako plan eredurik. Saritutako lan horretan Castillok "plana diseinatzeko zenbait oinarri eskaintzen ditu langintza horri ekin nahi diotenei". Horretaz gain, kontuan hartu ditu kalitatearen kudeaketarako sistemak ere.LehiaketaEuskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza zen lehiaketaren helburu nagusia. Bitarteko horren bidez euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea, eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea sustatu nahi du Klusterrak, "modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira".