Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 18a esklerosi anizkoitzaren eguna da. Egunari aurre hartu eta Nafarroako Esklerosi Anizkoitzako Elkarteko (Ademna) kideak Altsasuko azokan izan ziren. Euriak eta hotzak behartu zituen informazio mahaia Zumalakarregi plazako estalpe batean jartzera. Sevi Perez, Marisol Lizarraga, Maika O. Petrel eta Asun Salegik mahaira hurbiltzen zen guztiari gaitzari buruzko informazioa eman zieten. Elkartearendako herritarren diru ekarpenak ere jaso zituzten. Azoka eguna izanik, hainbat izan ziren haiengana hurbildu eta gaiarekin interesa azaldu zutenak, Unai Hualde alkatea eta Arturo Carreño zinegotzia, besteak beste. Maikak eta Asunek azaldu zigutenez, Altsasun hamar bat pertsona dira gaitza dutenak, baina haietatik hiruren bat besterik ez dira Ademnako kide. Biek ere esklerosi anizkoitza duten sakandarrak elkarteko kide izatera gonbidatu zituzten, "horrela elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak baliatzeko aukera izanen dute. Esaterako, fisioterapeutarena. Baina bestelako prestazioak ere eskaintzen ditu".