Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean bi kontzertu eman eta bietan Iortia kultur gunea leporaino bete zuen jendeak. Cruz Mari Martinez taldekideak esan digunez "jendearen halako erantzunarekin oso babestuta sentitu da taldea. Giro polita sortu zen gainera". Jendearen erantzun onaren zergatiaz galdetuta Cruz Marik azaldu digu "hango eta hemengo abestiak dituen errepertorioa izatean, kantu bakoitza pertsona jakin batzuei iristen zaie". Larunbatean elkartasun kontzertuetarako saldu zituzten 600 sarrerekin 3.000 euro eskuratu zituzten. Diru hori Acción contra el Hambre erakundeari eman zioten. Erakundeko Nafarroako ordezkari Iñaki San Miguelek jaso zuen dirua, Kolonbiako Sierra Nevada de Santa Mariako herri indigenak laguntzera bideratuko dena. Kontzertu ugariTrasteando Taldea osatzen duten 16 musikariek agenda betea dute egun hauetan. Gaur bi kontzertu eskainiko dituzte Altsasun. Josefina Arregi egoitzan 16:00etan eta Aita Barandiaran adinekoen egoitzan 18:00etan. Biharko ere emanaldi bikoitza iragarria dute: 16:15ean Ziordian eta 19:15ean Iturmendin. Asteazkenean, 19:30ean, Araian ariko dira kantuan. Ondoren etorriko dira Burlatako egoitza bateko kantaldia, Azedokoa edota Iruñeko espetxekoa. Kantuak eta emanaldiak gizarte ukitua izaten jarraitzen dute Trasteando Taldean.