Jonjo Agirre zinegotziak dimisioa eman du

Guaixe 2008ko abenduaren 24a

Astelehenean udaletxean aurkeztu zuen NaBaiko zinegotziak bere dimisioa. Idatzian zinegotziak azaldu duenez, Aralarko Altsasuko taldeko eta Nafarroako zuzendaritzaren artean desakordioak izan dira Urdiain-Altsasu industrialdea dela eta. Desadostasun horien ondorio litzateke dimisioa. Jonjo Agirrek bere dimisio gutunean azaldu duenez "Altsasuko Aralarren taldeak industrialde eredu horrekiko ezadostasuna agertu genuen informazio orrien bidez, bidenabar bestelako industrialde eredu baten alde eginez". Horren berri alderdiak aldez aurretik bazuela ere ziurtatu du. Kartelak jarri eta aste batera alderdiaren Nafarroako zuzendaritzak gaia aztertu omen zuen eta prentsa ohar baten bidez industrialde egitasmoaren alde azaldu zen. Dimisio idatzian zinegotzia kexu da Aralarren zuzendaritzak jarraitutako prozedurarekin, e-postaz jakinarazteaz gain, batetik, "ez Altsasuko taldeari, ez zinegotzioi ezer galdetu gabe, azalpenik emateko aukerarik gabe" hartu dituelako erabakiak. Eta, azkenik, bera egiten dutelako "kartelak jarri eta banatzearen" arduradun bakarra. Bere idatzian Jonjok dioenez, "Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak eta zuzendaritzak zinegotzi izan naizen honengan konfiantza handiegirik ez dutela ondoriozta liteke, eta Altsasuko taldeak hartutako erabakien erantzule bakartzat jotzen nautela, batak nahiz besteek". Horregatik, "ez Nafarroako Aralarri ez Altsasuko NaBairi traba gehiagorik ez egiteko asmoz, zinegotzi karguari uko egiten diot". Jonjo Agirrek alkateordea izateaz gain, Euskara, Agenda 21 eta Ingurumen, Abeltzaintza eta Mendien ardura zuen. Horretaz gain, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko buru ere bazen.