Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udala aztertzen ari da hil ondoko omenaldi edo agur zibilak arautzen dituen ordenantza. Antza, halako ekitaldiak egiteko gero eta eskaera zabalagoa dago. Ordenantzak eskakizun horri erantzun nahi dio eta, bide batez, hari dagokion guztia arautu nahi du. Udal ordezkariak aztertzen ari diren zirriborroan jaso denez agur zibila edo omenaldia egin nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Altsasuko Udaleko erregistroan. Halako ekitaldietarako eskabideak oso azkar tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Interesatuek eskabideetan hainbat datu zehaztu beharko lukete, esaterako: izen-abizenak (bereak edo familiarenak), helbidea eta identifikazioa, ekitaldirako eguna eta ordua.Ordenantzaren zirriborroan jasotzen denez alkateak edo dagokion zinegotziak eskabidea ikusi eta baimena eman beharko du. Ordenantzan agur zibiletarako aurreikusitako tokia Gure Etxea eraikineko beheko plantako aretoa da. Agur zibilak 9:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 21:00etara izan behako lukete eta, gehienez ere 45 minutuko iraupena izanen lukete. Aretoa apaintzeko aukera ere aurreikusten da ordenantzan, beti ere, interesatuen kontura izanen dena.