VI. Juan Jose Marin Memoriala Altsasuko saskibaloizaleen bilgune

Guaixe 2008ko abenduaren 30a

Altsasuko Zelandi Kiroldegiak VI. Juan Jose Marin Memoriala hartu zuen joan zen igandean, abenduaren 28an. Juan Jose Marin altsasuarra 2003an zendu zen ehiza istripu batean. Harrez geroztik Altsasuko Saskibaloi Taldeak urtero izaten du gogoan saskibaloi zale altsasuarra. "Ekintza soziala da guretako" jakinarazi digu Fermin Herrerok. "Marin gogora ekarri eta Altsasuko saskibaloi zale guztiak elkartzeko baliagarria da" adierazi du. Giro aparta izan zuten igandean Zelandi kiroldegian. Emakumeek eman zieten hasiera memorialari. Gaztetxoak eta emakume helduak nahasirik, lehia ederra izan zuten eta gozaldia hartu zuten. Ondotik, gizonezkoen lehian, seniorren gazte eta beteranoak nahasirik, partidu bikaina jokatu zuten. Irabazi edo galtzea baino, saskibaloiaz gozatzea zuten eguneko helburua. Mahaiaren inguruan amaitu zuten eguna, Zubeztia elkartean.