Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Rural Kutxak egitasmo handia du 2009rako. Ia garaipenik gabeko trantsizio urtearen ondoren, historikoki afizionatu mailan izan duen lekua berreskuratu nahi izan du Burundako taldeak. Helburu horrekin iraultza egin du: 24 txirrindulariko plantilla lehiakorrean 13 aurpegi berri izanen dira, Ferrari eta Lana handiak tartean. Historia egiten jarraitzeko prest1980an sortu zuen Burunda Txirrindula Taldearen afizionatu taldea. Rural Kutxaren babespean egin ditu azken 17 urteak. Taldeak egindako lan onaren adierazle dira bertatik pasatako 27 txirrindulari profesionalak. Urrutira joan gabe, bere maillota eraman dute Pablo Urtasun, Igor eta Iker Flores, Jorge Azanza, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo sakandarrek. Orain arte bezala, txirrindularitzan historia egiten jarraitzea espero du taldeak. Horretarako, goitik beherako iraultza egin du plantillan: 13 txirrindulari berri fitxatu ditu. Horien artean daude azken denboraldietako afizionatu entzutetsuenetakoak: Fabrizio Ferrari eta Guillermo Lana. Garikoitz Bravo, 2008ko debutante onena, eta Julen Gonzalez ere fitxaje azpimarragarrienen artean daude. Aurreko denboraldiko 11 txirrindulariekin batera, talde indartsua osatu dute. Txirrindulari berri asko daude, baina taldea utzi duenik ere bada. Horien artean dago taldeak zuen sakandar bakarra: Xabier Zabalo olaztiarrak Arabako Naturgas Energia talderako bidea hartu du. Euskaldun Txapelketako buruak izarFabricio Ferrari izanen da taldeko izar berria. 23 urteko txirrindulari uruguaitarra desagertu berri den Azpiru-Ugarte taldetik dator. 2004-2005 denboraldian mustu zuen afizionatu maila bere herrialdeko Alas Rojas taldean. 2006an gure egutegiko txapelketetara egin zuen salto Azysa taldearekin. Denboraldiko ezustetako bat izan zen 3 garaipenekin. Azken bi denboraldietan bere palmares dirdiratsua hazi du Azpiru-Ugarte taldean: 23 urtez beherakoa izan arren, 8 garaipenekin euskal tropeleko txirrindularirik onena izan zen 2007an. 2008an beste 7 garaipen erdietsi ditu, Goierriko Itzulia tartean. Azken bi denboraldietan Euskaldun Txapelketan nagusitu da. Guillermo Lana da Rural Kutxako beste promesetako bat. 24 urteko txirrindulari murietarra ere maila handiko korrikalaria da. Bere palmaresa ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Azysako txirrindularia zela, 2006an, Bidasoako Itzulia irabazi zuen eta Atom taldearekin profesionaletara pasatzetik gertu geratu zen. Azken urte honetan, Azpiru-Ugarte taldean Espainiako Koparako puntuagarria den Guerrita Trofeoa irabazi du, baita Murgiako Nuestra Señora del Oro Saria ere. 2. postuan amaitu zuen Salamancako itzulia. Euskaldun Txapelketan lehen postuetan geratu da. Horiekin batera, Ruben Martinez, Aleix Fabregas eta Jordi Vila eta Adrian Saez de Arregi izanen dira taldeko izarrak. TaldeaJubenilak: Ruben Herreros, Diego Palencia, Pecharroman eta Ruben Cuesta.23 urtez beherakoak: Garikoitz Bravo, Javier Bidaurreta, Jon Oria, Julen Gonzalez, Florentino Marquez eta Ruben Garcia.Elitekoak: Jordi Vila, Guillermo Lana eta Fabricio Ferrari.Jarraitzen dute: Mario Contreras, Francisco Moreno, Angel Moreno, Arturo Ariño, Ivan Gonzalez, Jose Miguel Fernandez, Pablo Torres, Ruben Martinez, Adrian Saez de Arregi, Aleix Fabregas eta Victor de la Parte. Kirol zuzendaritzan ere nobedadeak24 txirrindulariek Eugenio Goikoetxea eta Alejandro Hernandez eta Iñaki Juanikorenaren aginduak jarraituko dituzte. Hain zuzen ere, azken hau da 2009ko beste berrietako bat. Txirrindularitzan aditua da Juanikorena mitikoa. Besteak beste bere gidaritzapean izan zuen Kaiku afizionatu taldea 80. eta 90. hamarkadan. Beti ere lotura estua izan du Burundako taldearekin, baina orain, jubilatu berri dela, denbora gehiago eskaini ahal izanen dio taldeari. Haien aginduetara, indartutako taldeak zer esan ugari eman dezake Euskal Herriko egutegiko lasterketetan. Taldeak Nafarroako Itzulia, Bidasoako Itzulia eta Bizkaiko Bira izanen ditu helburu nagusi. Espainiako Kopako eta Etorkizuneko Espainiako Kopako lasterketetan eta Estatuko Itzuli garrantzitsuenetan ere parte hartuko du. Aste honetan bertan hasiko da lanean Rural Kutxa berria: ilbeltzaren 2an, 3an eta 4an kontzentrazioa eginen dute Lesakan. Haiekin batera lan eginen dute Burunda txirrindula taldeko gazte mailako 6 txirrindularik ere, tartean, Andoni Palomino altsasuarrak eta Jon Irigoien urdiaindarrak.