Azoka Iortiara lekualdatuko da

Guaixe 2008ko abe. 29a, 00:00

Aurreko ostiralean ezohiko bilera egin zuen Altsasuko Udalak eta erabaki zuen azoka tokiz aldatzea. 1991z geroztik azoka Alde Zaharrean eta Zumalakarregi plazan egin da, urtero txandakatuz. Aurten zabalguneko plazan egon da eta Alde Zaharrera bueltatzekoa zen 2009an. Baina udalak erabaki du 2009ko aurreneko sei hilabeteetan Iortia kultur guneko plazan eta baratzeko bide plazan jartzea azoka. Aldaketaren alde NaBai, EAE-ANV eta IU-EB agertu ziren, kontra PSN eta UPN abstenitu egin zen.

Iortiarako aldaketa sei hilabeterako izanen da, proba moduan. Izan ere, orain arteko kokapenek hainbat eragozpen sortzen dituzte, batez ere, trafikoari dagokionez, eta hori eragotzi nahi luke kokapen berriak. Baina ikusteko dago probaldiak behar bezalako emaitzak ematen dituen, aurki hastekoak baitira Iortia inguruko hainbat sare eta zoladura berritzeko lanak.Antza, azokaren lekualdaketa aztertu zen batzordera PSN eta UPN ez beste, talde guztiak agertu ziren, eta bilkuran erabakitakoa gutxieneko adostasuna sortu zuena izan zen.

Festak
Altsasuko Udalak azken bilkuran erabaki zuen 2009. urtean festak irailaren 10ean hastea, ostegunarekin. Despeditu, berriz, 14an despedituko dituzte festak altsasaurrek, astelehenarekin. Alde Zaharreko Tabernariek eta beste zenbait erakundek egindako eskaria onartu zuen udalak. Aldeko boza eman zuten NaBai-k, EAE-ANV-k eta IU-EB-k. Alderdi Sozialista kontra agertu zen eta UPN-k abstenitu zen. Alderdi SozialistaOstiraleko bilkura eta gero, prentsak azaldu duenez, PSNko zinegotziek udal gobernuan jarraitzeko zalantzak azaldu zituzten. Sozialistak kexu dira alkatetzako taldearekin "gai sozialetan erabakiak unilateralki hartzen dituelako". Azokaren kokapen eta festen daten aldaketaren adibideak jarri zituzten. "NaBairen jarrera aldatzen ez bada, gobernu taldea uztea aztertzen ari gara" gehitu zuten sozialistek.

Bestalde, ostiraleko ezohiko bilkuran presente izan zen Mari Carmen Otaegi, NaBaiko zinegotzia. Garilean, "arrazoi pertsonalak" direla eta dimisioa eman zuen, baina ez zuen gauzatu eta berriro udalean lanean da. Bilkuran faltan izan zena koalizio bereko Jonjo Agirre izan zen, berriki dimititu duena.