Vianako Printzea Gozogintza Eskolak ateak itxiko ditu. Ostiraleko bilkuran Altsasuko Udalak aho batez eskolako fundazioa desegitea erabaki zuen. Hego Euskal Herriko gozogileen gremioak, Iparlat eta Coma Industrial dira fundazioko patronoak Altsasuko Udalarekin batera. Eskola sortu zuten gozogileak trebatzeko. Baina matrikulazio datu eskasak eskolak ateak ixtea ekarri du. Gozogileak behar dira, baina ofizioa ikasteko prest dagoen jenderik ez omen dago. Vianako Printzea Gozogintza Eskolak 1995. urtean zabaldu zituen ateak.Altsasuko Udalaren nahia da eraikin horretara aldatzea pasadizokoen aterpetxea. Gaur egun Kaputxinoen komentuko egoitzak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen eta Gizarte Zerbitzuen Departamentuak ezarritako baldintzak kokapen hartan betetzea ezinezkoa da. Aldaketa egiteko Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzuaren erabakiaren zain dago udala. Bestalde, Gizarte Gaietako Departamentuak 115.000 euroko aurrekontua izanen duten lanen %80 ordaintzeko prest azaldu da.