Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak Enplegurako Toki Inbertsioen Estatu Funtsetik gehienez ere 1.332.191 euro jasoko ditu. Lau lan garrantzitsu adostu dituzte udal taldeek: 12 eta 18 urte bitarteko gazteak hartuko dituen gazte-lekua egokitzeko lanen lehen fasea; Iortia kultur guneko teilatuaren eta klimatizazio sistemaren konponketa; udako igerilekuen konponketa (ur ihesak) eta Burunda pilotalekuaren sabai izuna eta argiteria aldatzea (91.000 euro). Unai Hualdek argitu zuenez udala gaur egun "lanen aurrekontuak zehazten, gehiagorako gelditzen den aztertzen eta lan horiek funtsaren deialdiaren barruan sartzen diren zehazten ari da". Alkateak gehitu duenez "udal taldeen artean adostasun gehien lortu duten lanak dira". MilioiaEstatuko aurrekontuetan, NaBaik aurkeztutako emendakin baten bidez, Altsasuko Dantzalekuko kirol eta aisia gunean hainbat lan egiteko milioi bat euro jasotzen dira. Unai Hualde alkateak jakinarazi digunez "talde guztiak ados daude belar artifizialeko futbol zelaia eta atletismo pista berria egitearekin". Bi lan horiek 915.000 euroko aurrekontua dute gutxi gora behera. Milioira arte gelditzen den diruarekin, "futbol zelaiko aldageletan premia gehien duten gauzak berrituko" direla aurreratu du udalak. Udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Nitran Pool enpresak txostena egin du lehentasuna duten lanak zerrendatuz: elektrizitate azpiegitura, berogailua eta kisusgile lana. Eginen den egitasmoaren arabera zehaztuko da. Lan kualifikatuak enpresa batek eginen ditu baina Sociedad Deportiva Alsasuako guraso talde bat auzolanean lanen batzuk egiteko prest azaldu da. Bestalde, Altsasuko Udalak, azken osoko bilkuran 0-3 urte bitarteko haurrendako ikastetxea eraikitzeko proiektua onartu zuen. Azkenik, heldu den urteko udal zerga eta tasa gehienak %3,3 haziko dira. Aurreko urteko bideari segituz, eta antzeko egoitzen prezioekin berdintzeko asmoz, Aita Barandiaran egoitzako prezioak %5 igotzea erabaki zuen udalak.