Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo hasi zen Mikeldi Diez Aldama altsasuarra epaitzen. Epaiketa saioak, aste honetan, bihar arte izanen dira eta, gutxienez, hilaren 20ra arte iraunen du prozesuak. Altsasuarrarendako 6 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak. Mikeldirekin batera Lazkaon atxilotu zuten eta Arbizun familia duen Anitz Eskisabel Barandiaran epaitzen ari dira. Mikeldi eta Anitz 2005eko otsailaren 9an atxilotu zituzten beste hamaika pertsonarekin batera. Atxiloketa haiek guztiak Baltasar Garzon epaileak agindutako sarekada "prebentiboen" barruan kokatu ziren. Dirudienez, atxilotutakoen izenak Ibon Fernandez Iradiri bere garaian atzemandako dokumentuetan agertzen omen dira. Haietan oinarrituta poliziak ondorioztatu zuen Mikeldik ETAri laguntza eman ziola. Mikeldik leporatzen zitzaiona ukatu egin zuen epailearen aurrean. Gainera presioak eta jipoiak salatu zituen. Epaiketa dela eta, atzo ehun bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten Altsasun. Muntai polizialik ez. Epaiketa politikorik ez. Audientzia nazionala stop! leloa izan zuen bilkurak. Gaurko, etziko eta heldu den astelehenerako ere deitua daude bilkurak. 20:00etan izanen dira udaletxe aurrean.