Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Manuel Vilariño osteopata eta fisioterapeuta altsasuarrak Belgradoko bidea hartu du gaur, Serbiako eskubaloi selekzioarekin biltzeko. Izan ere, altsasuarra aipatu selekzioko osteopata da eta berehala hasiko den Eskubaloi Mundialetarako dena prest izan nahi du.Serbiako selekzioa bi egunez Belgradon izango da kontzentratuta, Mundialerako guztia prestatzeko, eta ondoren Kroaziako bidea hartuko du, bertan jokatuko baitira Mundialak. Brasil, Egipto, Danimarka, Norvegia eta Arabia Saudita daude Serbiaren multzoan, eta lehen fase honetako talde onenak sailkatuko dira bigarren faserako. Bigarren fasearen ondotik finalaurrekoak eta finala etorriko dira. Serbiak talde ona dauka eta lehenbiziko helburua lehen fasea gainditzea da, eta horretarako hasieratik irabaztea ezinbestekoa da; gero, gerokoak. Kiroletan ibilbide oparoaVilariño kontentu dago erronkarekin. Altsasuarrak ibilbide oparoa darama: Osasuna futbol taldean aritu zen urte batzuez, eta denboraldi honetatik Portland San Antonio eskubaloi taldeko osteopata da, Axis bere osteopata zentro pribatuan aritzeaz gain. 2006an Serbiako futbol selekzioarekin aritu zen lanean, Alemaniako Futbol Mundialetan, garai hartan Osasunan zebilen Milosevic jokalariak proposatuta. Milosevicek berak Portland San Antonioko Ratko Nikolic jokalariari Vilariñoren lana gomendatu zion, eta bera eta San Antonioko beste hainbat jokalari hasi ziren altsasuarraren kontsultatik pasatzen, eta geroago hasi zen San Antonio talderako lanean. Orain lehenengoz ariko da Eskubaloi Mundialetan. Iaz hasi zen Serbiako Eskubaloi Selekzioarekin beharrean, Nikolic jokalariak proposatuta, hain justu hastear dauden Mundialetarako sailkapeneko fasean, eta Serbiak Mundialetarako sailkatzea lortu zuen. Serbia selekzioaren estreinaldia"Serbiako Eskubaloi Selekzioko kideekin biltzeko irrikaz nago, oso jende jatorra baita. Diziplina handiko taldea da, talde ona, eta duten guztia emateko prest daude, ilusio handiarekin. Lan ona egingo dutela ziur nago" dio Vilariñok. Talde teknikoan Vilariño osteopatarekin batera bi fisioterapeuta eta bi mediku ariko dira lanean. "Zeozer ukituta dauden jokalariak puntuan jartzen saiatuko gara, ahalik eta hobekien egoteko. Eta gainontzekoekin, ohiko lana. Honekin alderatuta teknika ezberdinak erabiltzen dituzte baina egia esan ez dago aldaketa adierazgarririk" gaineratzen du altsasuarrak, elkar ulertzeko ingelesez eta gazteleraz aritzen direla azalduz. Ratko Nikolic eta Ivan Nikcevic jokalariekin du harreman handiena. Serbiako selekzioan atzerriko talde garrantzitsuetan dabiltzan jokalari onak daude, Nicolic eta Nikcevic tarteko, baina baita guztia ematera aterako diren jokalari gazteak ere, talde gaztea, sendo eta diziplinatua. Hortaz, ikuskizuna emango dute. Serbia herrialde sortu berria da, gerrate oso gogor batetik aterata, hasieran Jugoslavia eta gero Serbia-Montenegrorekin lehiatzen zena; orain, lehenengoz lehiatuko dira Serbia izenarekin eta hori oso inportantea da baita jokalariendako eta baita herrialdearendako ere. "Serbiarrek eskubaloi selekzioa bere egin dute. Zaletuen jarrera ikusgarria da. Pentsa, aurreko entrenamenduan 3.000 ikusle izan ziren! Kirolaz haratago doa serbiarren sentimendua, eta jokalariek badakite euren herrialdearendako oso inportantea dela Serbia moduan lehiatzea eta ahalik eta urrunen heltzea; horregatik dena emanen dute. Bestalde, Kroazian futbolarekin batera eskubaloia da kirol izarra, eta Mundialetarako pabilioi berriak jaso dituzte. Pentsatzekoa da antolakuntza ona izango dela eta kalitatezko Mundialaz gozatzeko aukera izango dugula" dio Vilariñok.