62 txirrindulari Sociedad Deportiva Alsasuako XXVI. San Silvestrean

Guaixe 2009ko urtarrilaren 14a

Atletez gain txirrindulariek ere urtea bizikleta gainean agurtu zuten. Sociedad Deportiva Alsasuak antolatuta, 62 txirrindularik parte hartu zuten XXVI. San Silvestre martxan, eta Iortia plazatik abiatuta, helmuga Urbasa izan zuten. Aipatu martxa ez da lehiakorra, eta horregatik antolakuntzak ez du sailkapenik igorri, baina ikusgarria izan zela adierazi digu antolatzaileetako batek, Luisek. "Altsasutik atera, Olaztira heldu eta bertatik Urbasako portua igotzeari ekin zioten guztiek, eta Urbasako ur saltoraino tropelean mantendu genituen denak. Hor hautsi zen tropela eta ikustekoak izan ziren txirrindularien erasoak. Helmugara iritsita salda bero beroa prestatua genuen guztiondako eta urtero moduan oso martxa ederra izan zen" azaldu du Luisek. Txirrindulariek gogoz eskertu zuten Emilio Romanek Beti Iaten elkartean prestatutako salda gozoa, eta hurrengo urtean parte hartzeko asmoa berretsi zuten. Proba bukatuta, eta atzera ere Altsasun, Akelarre tabernan parte hartzaile guztiek trofeoa jaso zuten eta Nafarroako Kutxak emandako oparitxoak banatu ziren guztien artean, primerako giroan. Txirrindulari sakandarrez gain, beste herri eta toki askotik hurbildu ziren Altsasuko San Silvestrera, ondoko herrietatik: Altsasu, Arbizu, Oibar, Barañain, Olazti, Gartziriain, Asparrena, Araia, Lakuntza, Hondarribia, Araitz, Irurtzun, Mendabia, Lodosa, Mutiloa, Iruñea, Legazpia, Lizarra, Etxarri Aranatz, Aratz eta baita Eskoziatik etorritako txirrindulari bat, Edinburgokoa bera. Hurrengo urte bukaeraraino agur esan du Urbasako proba eder honek.