Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Auzitegi Nazionalean astelehenean hasi zen Mikeldi Diez Aldama altsasuarra epaitzen, beste hamaika pertsonarekin batera. Horien artean dago Lazkaon atxilotu zuten eta Arbizun familia duen Anitz Eskisabel Barandiaran. Epaiketa saioak asteazkenera arte izan ziren eta, gutxienez, hilaren 20ra arte iraunen du. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez fiskalak guztiak ETAren erakartze taldearekin lotzen ditu, ETAko kide edo laguntzailea izatea leporatuz. Fiskalak Mikeldirendako 6 urteko espetxe zigorra eskatzen du. Anitzendako eskaera 9 urtekoa da. Mikeldi eta Anitz 2005eko otsailaren 9an atxilotu zituzten beste hamaika pertsonarekin batera. Atxiloketa haiek guztiak Baltasar Garzon epaileak agindutako sarekada "prebentiboen" barruan kokatu ziren. Dirudienez, atxilotutakoen izenak Ibon Fernandez Iradiri bere garaian atzemandako dokumentuetan agertzen omen dira. Haietan oinarrituta poliziak ondorioztatu omen zuen atxilotuek ETA lagundu zutela. Mikeldik eta Anitzek, gainontzeko atxilotuen modura, leporatzen zitzaiena ukatu dute epailearen aurrean. Gainera presioak eta jipoiak salatu zituzten. Epaiketa dela eta, asteko lehen hiru egunetan kontzentrazioak egin dituzte Altsasun. Muntai polizialik ez. Epaiketa politikorik ez. Audientzia nazionala stop! leloa izan dute bilkurek eta egunero 100 bat lagun bildu dira. Heldu den astelehenerako ere deitua dago. 20:00etan izanen da udaletxe aurrean.