Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mari Jose Notariok azaldu digunez Altsasuko Alderdi Sozialistaren tokiko batzarrak "paktua berbideratzea eskatu digu". Zinegotzi sozialistak esan digunez, PSNren eta NaBairen arteko paktuko "zenbait gauza ez dira betetzen, eta hobeki joan dadin hartu-emanak izanen ditugu". Abenduko udal bilkuraren ondoren nabarmendu ziren NaBairen eta PSNren arteko desadostasunak. Gizarte arloko gaietan adostasunik ez izatea kritikatu zuten sozialistek, festen ospakizun data aldaketa eta azokaren kokapenaren aldaketa adibide gisa jarriz. Horretaz gain, hilero hitzartutako bilerarik ez egitea ere aipatu zuten. Altsasuko NaBaiko zinegotziek prentsaurrekoan erantzun zuten ez zutela "alde bakarreko erabakirik hartzen" eta salaketa "bidegabetzat" jo zuten. Sozialistei egotzi zieten "haien arduren utzikeria aitzakiatzat hartzea gobernu taldea uzteko". Halakorik ez gertatzea espero zutela ere esan zuten koalizioko kideek.